GARA GASTEIZ

Dulantzin jokatuko da gaur Arabako Bertsolari Txapelketako lehen finalaurrekoa

Arratsaldeko bost eta erdietatik aurrera jokatuko da Dulantzin Arabako Bertsolari Txapelketako lehen finalaurrekoa. Oholtzan, Oihane Perea, Ruben Sanchez, Iker Pastor, Unai Bengoetxea, Ander Solozabal eta Irati Anda.

Arabako Bertsolari Txapelketako finalaurrekoak abiatzear dira. Lehen hitzordua gaur bertan ezarri dute. 17:30ean, Dulantziko Kultur Etxean. Lehenengo finalaurrekoa izango da Arabako estreinako lehian jokatuko dena. Bertsolarien zerrenda, honakoa: Oihane Perea, Ruben Sanchez, Iker Pastor, Unai Bengoetxea, Ander Solozabal eta Irati Anda.

Perea da Arabako Bertsolari Txapelketako azken irabazlea, 2013an lortutako txapelaren ondotik. Final hartan aurrez aurre izan zuen Ruben Sanchez eta gaur berriro ere oholtza gainean elkartuko dira. Gainerako guztiak 2014an jokatutako kanporaketetan sailkatu ziren finalaurrekoetarako.

Orotara 18 izango dira Arabako Bertsolari Txapelketan parte hartuko duten bertsolariak. Guztiak bina saiotan ariko dira lehian zehar eta parte hartze horietan lortzen duten puntu metaketak emango die finalerako txartela.

Dulantziko saioari dagokionez, Marta Ugarte arituko da gai-jartzaile lanetan.

Lehenengo itzulian 13 bertso puntuagarri izango dituzte bertsolariek. Bete beharreko lanak, ondokoak: binaka, gaia emanda, hiruna bertso zortziko handian; binaka, gaia emanda, hiruna bertso zortziko txikian; binaka, gaia emanda, hiruna bertso hamarreko txikian; bakarka, hasierako puntua emanda, bina bertso zortziko txikian; eta bakarka, gaia emanda, bina bertso neurri librean.

Sarrerak gaur bertan jarriko dira salgai Dulantziko Kultur Etxeko leihatilan. Sei euroko prezioa izango dute; bazkideentzat 4 euro; eta 16 urtetik beherakoentzat dohainik izango da. Arratsaldeko bost eta erdietatik aurrera, Araba bertsotan ariko da.