GARA DONOSTIA

EH Bilduk gogor salatu du espainiar ordezkaritzek euskararekin duten jarrera

Carlos Urquijok EAEko udaletxeen kontrako 900 salaketa jarri dituela salatu du EH Bilduk. Esku hartze horren ondorioz, hainbat legek ezin dute aurrera egin, tartean, euskararekin loturiko hainbatek.

Gobernu espainolaren Euskal Herriko ordezkaritzek euskara sustatzeko neurriak oztopatzen dituztela salatu zuen atzo Xabier Olanok, Gipuzkoako ahaldun nagusi izateko EH Bilduren hautagaiak. Horren arabera, Carlos Urquijok, gobernuak EAEn duen ordezkariak, 900 salaketa baino gehiago jarri ditu udaletxeen kontra. «Ordezkaritza gero eta eskasagoa duen PPk Urquijo baliatzen du gehiengoaren erabakien aurrean bere proiektua inposatzeko», esan zuen Olanok. Nafarroan ere berdina gertatzen dela azaldu zuen; Foru Erkidegoan gobernu espainolaren ordezkari den Carmen Albaren errekurtsoen ondorioz, Nafarroako parlamentuan onarturiko hainbat lege atzera bota dituzte auzitegi espainiarrek».

Jokaera horretan «talka» bat ikusten du EH Bilduk euskal herritarrek era demokratikoan hartutako erabakien eta espainiar proiektuaren indarrezko inposizioaren artean. Euskararen arloan aplikatuz, koalizioak uste du PPk hizkuntzaren ofizialtasuna oztopatzen duela. «Espainiera beti eta edonon erabil daitekeen bitartean, euskara lurralde, toki, eremu eta eginkizun mugatuetan besterik ezin erabil daiteke ustezko legezkotasunez. Baina euskaraz bizitzen saiatzen garenean, bere morroiak bidaltzen ditu Espainiak, geure hizkuntza albo batera uztea exijituz», aipatu zuen Olanok.

«Inposizioari» aurre egin

Egoera horren aurrean EH Bilduk azpimarratu zuen «Gobernu espainolaren ordezkarien figurak soberan» daudela «inposizioaren eta mehatxuaren ordezkari» besterik ez direlako. Era berean, exijitu zuten euskararen garapenaren aurka duten gerra amaitzea euskal herritarrak eta haien erakundeak eta erabakiak errespetatuz.

«Demokrazia, askatasun eta justiziarako gure bide propioan aurrera egiteko garaia da, urratsez urrats Euskal Bidean aurrera egitekoa -adierazi zuen EH Bilduren hautagaiak-. Horregatik, EH Bilduren iritzia da Euskal Herriko instituzioak insubordinazio demokratiko gakoetan kokatu behar ditugula, herritarren hitza eta erabakia izanik muga bakarra eta ez espainiar legalitatea».

Euskaldunei euskara berreskuratzeko bidean elkarrekin aritzeko deia luzatu zien. «Euskararen garapenaren aldeko benetako adostasun politiko eta soziala behar dugu, euskararen garapen osoa ahalbidetuko diguna», azaldu zuen.

Hori dela-eta,«Oztopoen gainetik euskaraz biziko gara» lelopean Kontseiluak larunbaterako Donostian antolatu duen mobilizazioan parte hartzeko eskatu zien herritarrei. «Geure burua gobernatzeko ahalmena aldarrikatzen dugu», esanez amaitu zuen Olanok.