GARA

EH Bilduko alkateek PPri aurre egiteko deia egin dute

EH Bilduko udal ordezkariak Lasarten bildu ziren Carlos Urquijo Gobernu espainolaren EAEko ordezkariaren esku-hartzeen aurrean zer egin erabakitzeko, horiek errespetu faltatzat jotzen baitituzte.

Euskal Autonomia Erkidegoko udalerri ugaritako EH Bilduko alkateek prentsaurreko bateratua eman zuten atzo Lasarten. Adierazi zutenez, Estatu espainolak, Carlos Urquijo ordezkariaren bitartez, euskal lurraldean egiten dituen esku hartzeei aurre egiteko ordua da.

Udaletako ordezkariek Carlos Urquijo udal esparruan hartutako erabakien eta neurrien aurka egiten ari dela salatu zuten. «Eremu sozialarekin eta ekonomikoarekin, euskararekin, hainbat erakunderi emandako laguntzekin edota sinbologiarekin zerikusia duten neurrien eta erabakien aurkako errekurtsoak aurkezten ari dira», aipatu zuten. Egoera hori «jasangaitza» dela esan dute, instituzioen funtzioa baldintzatzen duelako eta euskal herritarrek aukeratutako ordezkariekiko errespeturik eza adierazten duelako.

«Estatuaren esku-hartze honi aurre egiteko, hainbat dira Euskal Herriko erakundeek onartutako ekimenak, gaitzespenak, salaketak... Dena dela, ez dute ibilbide luzerik izan. Bien bitartean, Gobernu espainolaren ordezkariak bere jardunbideari eusten dio. Tokiko autonomiaren aurkako eraso larriak egiteaz gain, euskal instituzioen adierazle nagusiak gutxiesten dituen kudeaketa eredua inposatu nahi du», azaldu zuen bozeramaileak bertaratutako udal ordezkarien izenean.

Urratsak egiteko garaia

Egoera horri aurre egin ahal izateko urrats irmoak eman behar direla esan zuten alkateek. «Urquijoren eta Estatuaren esku-hartzeek erantzun bateratua eskatzen dute, pairatzen ari garen erasoaren neurrikoa. Instituzioetatik eman behar da erantzun hori, eremu politikotik eta gizartetik, euskal instituzioetan hartutako erabaki demokratikoekiko errespetua exijitzeko», zehaztu zuten egindako bileran hartutako erabakiak ezagutzera eman aurretik.

Oraingoz, emango dituzten pausoak honakoak dira: Alde batetik, Gasteizko Parlamentuko talde politikoekin harremanak hasiko dituen alkateen batzorde bat eratuko dute. Honen helburua,a dierazi zutenez, erantzun bateratua gorpuzteko mekanismo politiko eta juridikoak proposatzea da.

Bestalde, Euskal Herrian hartzen diren erabaki demokratikoen «usurpazioari» erantzuteko deia egin zioten gizarteari, are gehiago ekintza hori «euskal gizartea ordezkatzen ez duen figura anakroniko eta antidemokratiko batek» egiten duenean.