NAIZ.INFO
IRUÑEA

90 udalen babesa jaso du Nafarroa Bizirik ekimenak

1512-2012 Nafarroa Bizirik herri ekimenak jasotako atxikimenduen berri eman du gaur: 90 udalek eta alderdi politiko, elkarte zein norbanako desberdinek ekainaren 16rako deitutako Martxa Nazionala babestu dute.

1512-2012 Nafarroa Bizirik ekimeneko eta udalerri desberdinetako ordezkariak, gaur, Iruñean. (Lander FDEZ. ARROIABE/ARGAZKI PRESS)
1512-2012 Nafarroa Bizirik ekimeneko eta udalerri desberdinetako ordezkariak, gaur, Iruñean. (Lander FDEZ. ARROIABE/ARGAZKI PRESS)

Nafarroako Foruen Monumentuaren aurrean elkartuta, 1512-2012 Nafarroa Bizirik ekimeneko eta hainbat udalerritako ordezkariek agerraldia egin dute gaur, ekainaren 16rako deitutako Martxa Nazionalean parte hartzeko gonbitea zabaltzeko.

Azaldu dutenez, aipatu herri ekimenak 90 udalerriren eta indar politiko desberdinen babesa jaso dute: EAJ, ezker abertzalea, Aralar, Alderdi Karlista eta Eusko Alkartasuna, besteak beste.

Ekainaren 16ko Martxaren baitan, erakunde eta udalerrietako ordezkariak bilduko dituen zutabe bat egonen dela gaineratu dute.

Horrez gain, «duela denbora gehiegi kendu ziguten nafar naziotasuna» berreskuratzeko eta aske izateko dinamikaren baitan, deialdi bikoitz baten berri eman dute.

Alde batetik, herritarrei, udalei eta gainontzeko talde zein erakundei zuzendu zaizkie, 1512-2012 Nafarroa Bizirik ekimenaren ikurra ikusgai jar dezaten.

Bestetik, dei egin diote pertsona, talde, elkarte, udal zein erakunde orori ekainaren 16ko Martxa Nazionalari atxikimendua eman diezaioten. «Eta, bereziki, 2012ko uztailaren 25an, Albako Dukearen Armada nafar hiriburuan sartu ziren 500. urteurrenean, nafar bandera haga erdian edota dolu-xingolarekin jartzera».