NAIZ.INFO
BILBO

«Alor guztietan ez nahikoa» iruditu zaio Mintegiri Urkulluren urte amaierako mezua

Alor ekonomikoa, normalizazio politikoarena eta autogobernuarena aintzat hartuta, «ez nahikoa» bezala definitu du Mintegik Urkulluren urte amaierako mezua.

Laura Mintegi, EH Bilduko bozeramailea Gasteizko Legebiltzarrean. (@ehbildu_legebil)
Laura Mintegi, EH Bilduko bozeramailea Gasteizko Legebiltzarrean. (@ehbildu_legebil)

Laura Mintegi EH Bilduko bozeramaileak Iñigo Urkullu lehendakariaren urte amaierako mezuaren balorazioa egin du kazetarien aurrean. Balorazioa hiru zatitan banatu du: ekonomia, normalizazio politikoa eta autogobernua.

Alor ekonomikoan, «borondate ona» ikusi du Mintegik Urkulluren hitzetan, baina «hitzetatik ekintzetara» pasatzeko eskatu dio. Lehendakariak «akordio» hitza sarri aipatzen duela esan du, baina, orain arte, behintzat, horretarako pausurik eman ez duela adierazi du.

Normalizazio politikoari dagokionez, Aieteko Nazioarteko Bake Konferentziaren aipamena egin du eta hura gertatu zenetik gaur arteko EAJren jarrera «epeldu» egin dela salatu du. Modu horretan, Ipar Euskal Herriko «irakaspena» eutsi beharrekoa dela uste du eta alderdi guztien arteko akordioa eskatu du Hego Euskal Herrirako.

Azkenik, autogobernuaren «mugak» aipatu ditu eta erabakitzeko eskubidearen aldeko aldarria egin du.