NAIZ
GASTEIZ

Arartekoa: «Sakabanaketa nekez batera daiteke gizatasun eta proportzionaltasun printzipioekin»

Euskal presoen senideek izandako azken istripuaren harira, Iñigo Lamarka Arartekoak, «pertsona guztien eskubideak hobeto berma daitezen lan egitea dagokionez», beste behin galdegin du presoek Euskal Herriko espetxeetan edo gertuko erkidegoetan bete dezatela zigorra.

Iñigo Lamarka Arartekoa, artxiboko irudi batean. (Raul BOGAJO/ARGAZKI PRESS)
Iñigo Lamarka Arartekoa, artxiboko irudi batean. (Raul BOGAJO/ARGAZKI PRESS)

Iragan asteburuan bisita batetik bueltan euskal preso baten senideek izandako auto istripu larriaren ondotik –tartean hildako bat utzi zuena–, Arartekoak sakabanaketa politika amaitzeko beharra azpimarratzen duen adierazpen instituzionala kaleratu du.

«Sakabanatzearen aldeko espetxe politika nekez batera daiteke Konstituzioan jasota dauden zigorren gizatasun eta proportzionaltasun printzipioekin», adierazi du Iñigo Lamarkak. 

Lege eta araudiak aipatuta, alde batetik «zigortuak gizartetik deserrotuta geratzea ekidin» behar dela eta «espetxeratzearen ondorio kaltegarriak ahalik eta gehien murriztu» behar direla azaldu du Arartekoak.

«Urruntzea justifikatuko luketen behar bezala egiaztatutako arrazoi indibidual garrantzitsuak ez badaude, urruntzea bidegabeki gogortzen du zigorra eta, egiaz, presoaren senideentzako zigorra da», gaineratu du.

Horrez gain, Lamarkak gogoratu du ETAk jarduera armatua behin betiko bukatu duela eta adierazi du horrek eragina izan behar duela «orobat, politika kriminalaren arloan zigorra banan-banan jartzeko faseetan esku hartzen duten instantzia guztiek –Legegiletik hasi eta Epailetza, Fiskaltza eta espetxeetako administrazioa– jarduteko orduan duten tartean».

Hori dela-eta, Iñigo Lamarka Arartekoak aldarrikatu du «preso horiek beren bizilekutik gertuko espetxeetan bete ditzatela beren zigorrak». Horrela, hiru helburu beteko liratekeela azaldu du: «presoak birgizarteratu ahal izatea, presoak gizartetik ez deserrotzea, eta urruntzeak senide eta lagunentzat dakartzan ondorio kaltegarriak, kostuak eta arriskuak desagerraraztea, ezin baitira justifikatu eta erabat eragotzi baitaitezke egungo egoeran».