NAIZ
DONOSTIA

Memoria historikoaren mapa birtuala osatu eta sarean jarri du Donostiako Udalak

«Donostiako memoria historikoaren mapa» aplikazioak 1936ko gerran eta ondorengo urteetan hiriburuko gune garrantzitsuak ezagutzea ahalbidetzen du, informazio zabala eskainiz.

Donostiako memoria historikoaren mapa birtuala.
Donostiako memoria historikoaren mapa birtuala.

Donostiako Udalak oroimen historikoari buruzko webgunea sortu du giza eskubideen inguruko orrialdearen barruan.

Azken urteotan memoria historikoa berreskuratzeko eginiko lanak aurkitu ahal izango dira gune berri horretan: Sasiain alkate errepublikarraren biografia, hiriko plaka frankisten artxiboa, udal funtzionario errepublikarrei eginiko omenaldia, gerra hasieran edota ondorengo urteotan fusilatutako 400 donostiarren inguruko dokumentu eta omenaldiak, besteak beste.

Mapa birtuala

Oroimen historikoaren inguruko webgune berri horren baitan mapa birtuala ere jarri du Udalak. Bertan, 1936ko gerran eta ondorengo urteotan hirian garrantzia izan zuten gertakariak ezagutzeko 110 leku identifikatzen ditu.

Azaldu dutenez, maparen xedea da gure iragana «modu dinamiko eta kritikoan ekartzea gogora, 1936ko uda hartaz geroztik zer gertatu zen ulertzeko ahalegina eginda».

Euskal Memoria fundazioaren laguntzarekin eta Gipuzkoako Aldundiaren diru-laguntzarekin osatu da mapa birtuala.

Informazio puntu bakoitzak historiaren azalpena, dokumentu historikoak eta argazkiak jasotzen ditu. Gatazka belikoak izan ziren lekuak, bonbardatutako lekuak, fusilamenduak edota atxiloketak gertatu ziren lekuak identifikatzen dira, besteak beste.

Euskaraz, gaztelaniaz, ingelesez nahiz frantsesez kontsulta daiteke mapa.