NAIZ
DONOSTIA

‘Egunkaria’ren aurkako atal ekonomikoa behin betiko artxibatu du Gipuzkoako Auzitegiak

Gipuzkoako Lurralde Auzitegiak berretsi egin du ‘Egunkaria’ren aurkako atal ekonomikoaren artxiboa eta, horrenbestez, behin betiko bukatu da 2003ko otsailean Auzitegi Nazionaleko Juan del Olmo epaileak abiatu zuen auzia.

Donostiako Zigor Auzitegiko Carmen Zubimendi epaileak ‘Egunkaria’ren auzi ekonomikoa artxibatzea erabaki zuen pasa den ekainaren 4an, zortzi auzipetuei leporatzen zitzaizkien ustezko delituak preskribatuta zeudela argudiatuta.

Fiskalak, ordea, helegitea aurkeztu zuen erabaki horren aurka. Irailaren 19an aztertu zuen auzia Gipuzkoako Lurralde Auzitegiak eta, 3. Sekzioak gaur jakinarazi duenez, erabakia berretsi egin du eta auzia behin betiko artxibatu du.

Zortzi lagun zeuden auzipetuta atal ekonomikoan: Joxe Mari Sors, Mikel Sorozabal, Fernando Furundarena, Ainhoa Albisu, Begoña Zubeltzu, Joan Mari Torrealdai, Iñaki Uria eta Txema Auzmendi —azkeneko hirurak auzi nagusian epaituak eta absolbituak–.

Espetxe zigorra eta isun ekonomikoa eskatzen zituen fiskalak zortzientzat, auzi nagusian baino handiagoak: denera, 128 urteko espetxealdia eta 221 milioi euro.

2003ko otsailaren 20an itxi zuten ‘Egunkaria’ Auzitegi Nazional espainoleko Juan del Olmo epailearen aginduz. Auzi ekonomikoaren operazioa urte bereko urriaren 16an egin zuen Guardia Zibilak, epaile berberak bultzatuta. 2010eko apirilean iritsi zen atal nagusian auzipetu zituztenen absoluzioa eta, gaurko erabakiarekin, auzia behin betiko itxi da.

Auzipetuetako bat, Iñaki Uria, pozik mintzatu da Hamaika TBn, hamaika urte hauetan bizi izan duten «injustizia» bukatu delako, baina egindako kaltea ez dela konpontzen ere nabarmendu du.