NAIZ

Aste honetan amaituko da 28 gazte independentisten aurkako epaiketa

Espainiako Auzitegi Nazionalean aste honetan espero da amaitzea irailaren 22an 28 gazte independentistaren aurka hasi zen epaiketa. Tortura salaketak epaitegira iritsiko dira, berriz, Istambul Protokoloaren araberako azterketaren aurkezpenarekin eta torturaren aurkako elkarteetako kideak egongo dira behatzaile gisa. Asteazkenean Madrilera joango dira dozenaka herritar gazteei babesa adieraztera.

Gazteak, epaiketara sartu aurretik. (J. DANAE/ARGAZKI PRESS)
Gazteak, epaiketara sartu aurretik. (J. DANAE/ARGAZKI PRESS)

Azken txanpan da 28 gazte independentisten aurka Espainiako Auzitegi Nazionalean egiten ari diren epaiketa. Ezusterik ezean asteazkenean bertan amaitu daiteke auziaren ahozko saioa.

Espainiako poliziek atxilotu zituzten auzipetu denek salatu dituzte torturak eta azken txanpan leku nabarmena izango du salaketa honek. Gaurtik aurrera Istambul Protokoloaren arabera egindako azterketa aurkeztuko dute defentsak eramandako perito-psikologoek eta behatzaile gisa izango dira salbuespen epaitegian TATeko (Torturaren Aurkako Taldea) eta CPDTko (Coordinadora para la Prevención y Denuncia de la Tortura) kideak. Asteazkenean, berriz, defentsaren ondorioen aurkezpena espero dute egitea eta Espainiako Kongresuko diputatuak izango dira behatzaile lanetan.

Asteazkenean bertan Euskal Herritik bertaratzeko deialdia ere egin dute, hainbat herritatik autobusak antolatu dituzte auzipetu gazteei babesa azaltzera Madrilera joateko. Epaiketaren amaierakin bat eginez auzipetuen herrietan, bereziki, ekimen andana antolatu dituzte. Azken egunetan kontzertuak eta mobilizazioak izan dira eta hurrengoetan ere hala izango dira. Iruñean, esaterako, ‘Kantuz Libre’ ekimena antolatu dute hilaren 26rako; aurrez, heldu den larunbatean Gasteizen ‘Konpromisoak batuz epaiketak gelditu!’ lelopean martxa herritarra antolatu dute (18.30).

‘Herritarron adierazpena’, torturak eta Loiola

Azken asteetan, gainera, ‘Heritarron adierazpena’-ren babesa areagotuz  joanda. Adierazpen horretan epaiketaren izaera politikoa salatzen dute eta Justizia trantsizio ikuspegitik aplikatu behar dela diote auzipetuen askatasuna eskatzearekin bat.

Torturen salaketak pisu nabarmena izan dute 28en aurkako epaiketan ere, gazte auzipetuen tortura salaketak izan ziren lehen saioko protagonistak eta salaketa hori auzitegian eta sarean entzun da hilabete hauetan zehar.

Epaiketaren hasieran zer esana sortu zuena Loiolako Aske Gunea ere izan zen. Auzipetuek epaiketei aurre egiteko 28 desobedientzia era iragarri zituzten eta gehienek Madrilen epaitegian planto egin zuten bitartean horietako bostek ez aurkeztea erabaki zuten Loiolako basilikan herri harresia osatuz. Ertzaintzak desegin zuen harresi hura hainbat orduko erresistentziaren ostean.

Berriki Ahotsa.info-k epaiketa hasiera haren inguruan osatutako dokumentala sareratu da. ‘Aske Gunea, la desobediencia en estado puro’ lanak Madrilen eta Loiolan begi bana jarriz desobedientzia ekimen hauen kronika dakar: