NAIZ
BAIONA

Caroline Phillips, Garapen Kontseiluko lehendakari berria

Euskal Herriko Garapen kontseiluak bulegoko kide berriak izendatu ditu zuzendaritzak: Caroline Phillips izanen da lehendakaria eta Paxkal Indo, Françoise Pautrizelekin batera, lehendakari ordeak.

Caroline Phillips, Garapen kontseiluko lehendakari berria.
Caroline Phillips, Garapen kontseiluko lehendakari berria.

Zuzendaritza kontseiluak bilera egin zuen atzo eta segidan Euskal Herriko Garapen kontseiluak bulegoaren kide berrien izenak iragarri zituen, Kazetak jakinarazi duenez. Caroline Phillips izanen da lehendakari berria eta Paxkal Indo Garapen kontseiluko lehendakari ordea izanen da Françoise Pautrizelekin batera.

Caroline Phillips, musikaria da eta duela 18 urtetik Phillips Internet enpresako zuzendaritzan ari da. Paxkal Indok, Seaskako lehendakari ere den kontseiluko lehendakari ordeak, adierazi duenez, nahiz eta kostaldean sortu den, «barnekaldean bizitzeko hautua» egin du, «erabaki horrek du nere inplikazioa bultzatu Garapen kontseiluan».

Halaber, Françoise Pautrizel, ozeanografian aditua denak adierazi du bere ahaleginak «tokiko garapen ekonomikoruntz bideratuko» dituela, «bizi garen ingurumena errespetatuz».

Diruzain eta idazkaria

Frédérique Harivongs, Adarpea zahar etxearen zuzendaria, diruzain berria izanen da. Azkenik, Jean-Michel Larrasquet idazkari izendatu dute. Baionako Eusko Ikaskuntzako lehendakaria denak azpimarratu du Garapen Kontseiluan engaiatzen dela, «Iparraldearen garapen orekatu, integrala eta jasangarriaren alde, Hegoaldearekin, ondoko herrialdeekin eta munduarekin dituen harremanak kontutan hartuz».