Jon ORMAZABAL
BILBO

«Egokiak», baina Berasaluze eta Zubietaren pilota batek zalantzak eragin dizkie Bengoetxea-Untoriari

Kexa handirik gabe, baina Pablo Berasaluzek eta Aitor Zubietak aukeratutako pilota baten inguruko zenbait zalantzarekin burutu da gaur eguerdian Bizkaia pilotalekuan igandean jokatuko den finalerako material aukeraketa.

Untoria, Bengoetxea, Berasaluze eta Zubieta, aukeratutako pilotekin. (ARGAZKI PRESS)
Untoria, Bengoetxea, Berasaluze eta Zubieta, aukeratutako pilotekin. (ARGAZKI PRESS)

Biziegia izango ez ote den beldurrarekin amaitu dute behintzat Oinatz Bengoetxeak eta Alvaro Untoriak. Espero zen bezala, pilota biziagoak aukeratu dituzte beteranoenek eta nafarrak eta errioxarrak, aldiz, «behetik gehiago ibiltzen diren horietakoak».

Gainerakoan dena prest da igandeko egun handirako, baita horrenbeste buruhauste ekarri dizkion Aitor Zubietaren ezker eskua ere. Etxarrikoak asteartean egin zuen proba serio bat, atzo ere ezkerrez astindu zuen pilota eta, igandean, «ohikoa baino tako gehiagorekin» jokatuko duela onartu duen arren, «hasi behintzat, ondo egingo dut finala».

Orain hilabete eskas, pilotaleku berean Bengoetxea VI.a-Untoriak 22-9 irabazi bazuten ere, pilotalekuan ziren artekarien arabera, dirua parean irtengo da, beraz, ez dago faborito garbirik pilotazaleentzat.