Nagore BELASTEGI

Sortzen festa ari dira ospatzen Sarrigurenen

Eskola txikia gelditu zaie eta berria behar dutela aipatu dute festaren hasieran. Era berean, hezkuntza eredu ezberdin baten alde egitea eskatu diete bertaratutakoei Lomce legea eta Heziberriri aurre egiteko eta kalitatezko euskal eskola publikoa lortzeko.

Jende andana batu da Sarrigurenenen. (Jagoba MANTEROLA / ARGAZKI PRESS)
Jende andana batu da Sarrigurenenen. (Jagoba MANTEROLA / ARGAZKI PRESS)

Sortzen Ikasbatuak Nafarroako jaia Iruñeatik Sarrigurenera eraman du aurten Eguesibar udalerriko auzo horrek duen beharra agerian uzteko. Izan ere, azken urteetan etxebizitzen josi da inguru hori eta duten eskola txiki gelditu zaie. Hori dela eta, "Izpi berriez eskola berria" eraikitzea eskatu dute. «Eskola berria aldarrikatzen dugu aurten, baina zentzu zabalean –aipatu du Bego Bitorika Sortzeneko koordinatzaileak–. Alde batetik, fisikoki eskola berria behar dugu, kalitatezko euskal eskola. Bestetik, ikusi dugu hezkuntza komunitatea, premiazko aldaketak behar dituen sistema zaharkitu honen burugabekeriaren aurrean, elkartu eta erantzuteko gai izan dela.

Hori dela eta, etorkizuneko eskola elkarrekin eraikitzeko deia zabaldu du guztiak elkarrekin norabide berean bultzatuz. Aldaketak ematekotan hezkuntzan ere aldaketa sakonak eman behar direla aipatu du eta horiek Lomcek eta Heziberrik markaktutako bidetik urruntzen direla. Hasierako ekitaldia amaitzean Sarrigurengo eskolako kideek zuhaitz bat jaso zuten, guztien artean ureztatu dezaten eta eskola bezala handia egin dadin. Hala, zuhaitza landatu eta jendea prestatutako lau guneetan zehar barreiatzen hasi da.

Erraldoiei jarraituz Ene Kantuak deituriko ikuskizuneraiko iritsi dira batzuk, beste batzuk Alaitz institutuko arte eszenikoetako ikasleen kontzertuan gelditu dira, asko eta asko eskolen arteko herri kirol txapelketa ikustera gerturatu dira eta txikienak tailerren txokora joan dira.