NAIZ
IRUÑEA

EH Bilduk udako jaietan eraso sexistak ekiditeko kanpaina jarri du martxan

Eh Bilduk eraso sexisten aurkako kanpaina aurkeztu du. Euskal Herriko jaietan martxan jarriko du, gizonezkoei zuzenduta, hauek «barneratuta dituzten jardun sexistak» ikusarazi eta hauen ondorioez jabe daitezen.

Eraso sexisten aurkako kanpainaren aurkezpena Iruñean. (Iñigo URIZ / ARGAZKI PRESS)
Eraso sexisten aurkako kanpainaren aurkezpena Iruñean. (Iñigo URIZ / ARGAZKI PRESS)

Iruñean egindako agerraldian, EH Bilduk udako jaietan «matxismoak eragindako eraso sexistak» ekindin eta pertsona orok festa libreki gozatzen dituela bermatzeko kanpaina jarri du abian. ‘Gozo goza jaiak! Eraso sexistarik ez!’ lelopean kasu honetan gizonezkoei zuzendutako kanpaina da, eta Euskal Herriko festa guztietan jarriko dute martxan.

«Azken urteetan neskei eta emakumeei zuzendutako kanpainak izan dira, eta aurrerantzean ere beharrezkoak izango dira, baina oraingoan urrats bat haratago goaz. Egoera desberdinen bisibilizazioa eta kontzientzia lantzera goaz», azaldu dute.

Modu honetan, gizonezkoek «barneratuta dituzten jardun sexistak» ikusaraziko dira hauek emakumeengan eragiten dituzten ondorioez jabetu daitezen. Honela, hainbat ekintza identifikatu dituzte: Sakeleko telefonoa begiratzea, ekintza lesbofoboak, lizunkeriak botatzea, ipurdi edo titiak ukitzea, muxu ematera behartzea, bakarrik doan neska batekin sartzea, neskaren ezetza eta gero harreman sexualei eustea edo neska bere baldintza siko zein fisikoen jabe ez denean sexu harremanak izatea.

Honela, aurreko astean Barañainen izandako eraso sexista azkenekoa izateko lanean jarraituko dutela adierazi dute EH Bilduko kideek.