NAIZ
DONOSTIA

Hamabost adituk osatzen dute Hizkuntza Eskubideak Bermatzeko Protokoloa osatzeko Batzordea

Donostia 2016k eta Kontseiluak Hizkuntza Eskubideak Bermatzeko Protokoloa egiteko ardura duen batzorde zientifikoa aurkeztu dute. Nazioarteko 15 adituk eta izen handiko akademikok osatzen dute.

Donostia 2016ko eta Kontseiluko ordezkariek Tabakaleran egin diete harrera Batzorde Zientifikoko kideei. (Jon URBE/ARGAZKI PRESS)
Donostia 2016ko eta Kontseiluko ordezkariek Tabakaleran egin diete harrera Batzorde Zientifikoko kideei. (Jon URBE/ARGAZKI PRESS)

Hizkuntzalaritzaren eta zuzenbidearen alorretako nazioarteko 15 adituk eta izen handiko akademikok osatzen dute Hizkuntza Eskubideak Bermatzeko Protokoloa egiteko ardura duen batzorde zientifikoa. Gaur eta bihar bilduko dira Tabakaleran, protokoloaren lehen urratsak adosteko eta irizpide nagusiak zehazteko asmoarekin. Donostia 2016ko zuzendari Pablo Berasteguik eta Kontseiluko idazkari nagusi Paul Bilbaok egin diete harrera, Xabi Payarekin batera.

Hizkuntza eskubideak bermatzeko neurri zehatzak biltzen dituen dokumentua izango da protokoloa, eta hizkuntza eskubideak modu eraginkorrean aplika daitezen neurriak proposatuko ditu. Bartzelonan 1996an aurkeztu zen Hizkuntza Eskubideen Deklarazio Unibertsalean oinarrituko da.

Martxoan aurkeztutako talde antolatzaileak protokoloaren irizpide nagusiak landu ondoren, batzorde zientifikoari dagokio dokumentua idaztea eta osatzea. Ondoren Europako hainbat gizarte erakunde eta eragileen adostasunez garatu eta 2016ko abenduan aurkeztuko da Donostian, Europako Hizkuntza Aniztasunaren Goi Bileran.