NAIZ
DONOSTIA

Europako Kantu Inprobisatuaren Nazioarteko Topaketa ospatuko da Donostian uztailean

‘Europa bat-batean’ Kantu Inprobisatuaren Nazioarteko Topaketa ospatuko da Donostian, uztailaren 11tik 16ra, Mintzola Ahozko Lantegiak eta Donostia 2016k antolatuta.

Munduko zazpi kantu inprobisatu desberdin entzuteko eta beste hainbat ezagutzeko aukera izango da uztailaren 11tik 16ra Donostian, ‘Europa-bat batean’ egitasmoaren baitan.

Kantu Inprobisatuaren Nazioarteko Topaketan jardunaldi akademikoak (goizean) eta emanaldiak (arratsaldean) izango dira eta jaialdi handi batekin bukatuko dira, uztailaren 16an Kursaalen, 19.00etatik aurrera.

Austria, Gales, Herrialde Katalanak Kuba, Mexiko eta Zipreko inprobisatzaileek parte hartuko dute, Euskal Herriko bertsolariekin batera –Manex Agirre, Miren Amuriza, Amets Arzallus, Andoni Egaña, Ane Labaka, Maialen Lujanbio, Alaia Martin eta Julio Soto. Saioak Maite Berriozabalek eta Alaitz Rekondok aurkeztuko dituzte eta inprobisatzaileen jarduna jarraitu ahal izateko itzulpen zerbitzua eskainiko da.

Emanaldiak Donostiako hainbat tokitan izango dira: Donostia 2016ren egoitzan, Tabakaleran, Alde Zaharrean, portuko arranplan... Oñatin ere emanaldia eskainiko dute, hilaren 15ean.

Jardunaldi akademikoak astelehenetik ostiralera egingo dira, 9.00etatik 13.30era, Miramar jauregian, UPV/EHUren udako ikastaroen baitan.

Sarrerak hamabost euroren truke eskuratu ahal izango dira www.bertsosarrerak.eus atarian eta egunean bertan leihatilan, aurretik agortzen ez badira.