NAIZ
DONOSTIA

Hondakinak tratatzeko eredu «bideragarria» adosteko deia egin die EH Bilduk EAJ eta PSEri

Hondakinak tratatzeko eredu «bideragarri» bat adosteko eskua luzatu die EH Bilduk EAJ eta PSEri, eta udal ordezkari, alderdi eta eragile sozialekin elkarrizketarako mahai bat osatzeko deia egin du.

Gipuzkoako hainbat alkate izan dira EH Bilduren agerraldian. (EH BILDU)
Gipuzkoako hainbat alkate izan dira EH Bilduren agerraldian. (EH BILDU)

Gipuzkoako Hondakinen Kontsortzioak (GHK) ostegun honetan Zubietako erraustegia eraikitzeko esleipen pleguak onartzeko egingo duen bileraren harira, EH Bilduk agerraldia egin du, hondakinen tratamendu «bideragarri» bat adosteko deia egiteko. Gipuzkoako hainbat herritako alkateak izan dira agerraldian.

Oihane Zabaleta Urretxuko zinegotziak azaldu duenez, EAJk eta PSEk, beren gehiengoa baliatuz, erraustegiaren esleipen pleguak onartu nahi dituzte eta hori «norabide okerrean beste pausu bat» dela uste du EH Bilduk. «EAJ eta PSE presaka ari dira, herritarrei bizkarra emanda, eta atzeraezinezko erabakiak hartu nahian».

Xabier Arregi Usurbilgo alkateak salatu duenez, plegu horien arabera baldintza «oso gogorrak» ezarrizko zaizkie GHKn dauden herriei errauste-plantaren zorra ordaintzera behartzeko. Azaldu duenez, «esklusibitatearen printzipioa» inposatu eta datozen 35 urteetan udalek ezin izango dizkiote zaborrak GHK den beste inori eman, eta Kontsortzioak ezarritako tarifak «derrigorrez eta lehentasunez» ordaindu beharko dituzte.

Gainera, udal batek GHK-k ezarritako kuota ordainduko ez balu, Foru Aldundiak eskumena izango luke udal horri dirua hartzeko.

Beste baldintzetako bat da udalerriren bat GHKtik aterako balitz derrigortuta egongo litzatekeela zorra «berdin berdin» ordaintzeko, eta banaketa horrek sorturiko «gainkostuak» ere ordaindu beharko lituzkeela.

EH Bilduk salatu duenez, kontratu hori «bidegabea eta oso kaltegarria» da eta horregatik osteguneko bilera bertan behera uzteko eskatu du. Eskua luzatu die «zintzotasunez» EAJ eta PSEri hondakinak tratatzeko eredu «bideragarri» bat adosteko eta alderdi, udal arduradun eta herri mugimenduetako ordezkariekin elkarrizketa mahai bat osatzea proposatu du, «beste bide bat bilatzeko».

«Bilatu dezagun konponbide serio bat, hausnarketa sakon eta partekatua egin dezagun denon artean erabakitzeko hondakinak tratatzeko behar ditugun azpiegiturak», dei egin du Zabaletak.