NAIZ
BILBO

Errebalidei planto egiteko deia egin du Ikasle Abertzaleak taldeak

«Madrilen sukaldatu eta Hego Euskal Herrian inposatutako erreformek» ezarri dituzte errabaliden aurrean planto egiteko deia egin du Ikasle Abertzaleak taldeak Bilbon egin duten agerraldian.

«Aurtengo ikasturtea LOMCE, Heziberri eta hezkuntzako inposaketen ikasturtea izan da. Gure heziguneetan hainbat izan dira eman diren aldaketak. Besteak beste, ebaluazio sistema, curriculuma, edukiak eta metodologiak inposatu dituzte. Ebaluazio sistemarena da erreforma honen azkenengo ondorioa: DBH amaitzean berriro ebaluatuko gaituen errebalida inposatu nahi dute. Ebaluazio sistema atzerakoi honek, dagoeneko kurtsoan zehar ikasleok nahikoa lehiatu ez dugula iritzita, inposatutako edukiak nork hobeto erreproduzitzen ditugun lehian sartuko gara berriz ere. Aurten, errebalidari planto egiteak ez du ondorio akademikorik, hau da, azterketa ez gainditu edota apurtzen badugu ez dago DBHko titulua kolokan. Gauzak horrela, errebalidari desobedientzia egiteko aukerak hamaika dira», nabarmendu du Ikasle Abertzaleak taldeak.

«Ikasleok argi dugu. Ez dugu inolako inposaketarik onartuko, gure eskubideak defendatuko ditugu eta horretarako hezkuntza eredu duina eraiki. Azterketa arrotzez, oztopoz betetzen digute bidea baina Euskal Herriak herritik eta herriarentzat behar duen hezkuntza eredu propioa egunez egun irudikatzen dugu eta etorkizuneko Euskal Eskola Nazionala urratsez urrats borrokatu. Ikasle Abertzaleok, LOMCE zein Heziberri bezalako inposaketen aurrean subjektu desobediente gisa azaltzen gara. Desobedientzia tresna hartuta, prest gaude inposatu nahi dituzten errebalidak apurtu, eta heziguneak Euskal Herria eraikitzeko plaza bilakatzeko. Ikasleok, konpromisoak biderkatuz eta kolektiboki antolatuz, inposaketa eta zapalkuntza ororen gainetik edozer dugulako posible», gaineratu dute Ikasle Abertzaleak-eko kideek.

Ildo honetan Hezkuntza Plataforma Topagunearen planto dinamikarekin bat egin dute, baita maiatzaren 5erako deitu diren mobilizazioekin.