NAIZ
IRUN

Jai giroan eta babes handiarekin egin du ibilbidea Alarde parekideak

Jai giroan eta herritar ugariren, Arartekoaren, Emakunderen eta Udalbiltzaren babesarekin egin du bere ibilbidea Irunen Alarde parekideak gaur goizean. Jose Antonio Santano alkateak ez die harrerarik egin eta EH Bilduko zinegotzi baten eskutik jaso dute bandera Udaletxeko arkupeetan. Denis Itxaso Kultura diputatua ere bertan izan da.

Alardeari harrera, Udaletxeko arkupeetan. (Juan Carlos RUIZ/ARGAZKI PRESS)
Alardeari harrera, Udaletxeko arkupeetan. (Juan Carlos RUIZ/ARGAZKI PRESS)

Goizeko 10.20 aldera atera da Alarde parekidea Urdanibia plazatik eta txalo eta animo oihu artean egin du San Juan plazarainoko ibilbidea, herritar ugari babestuta eta jai giroan. Mila lagunetik gora ziren desfilean eta euria eta giro freskoa ez dira oztopo izan.

Behin plazan Inma Landa jeneralaren agindupean ohiko deskargak egin ondoren, Alarde parekideko ordezkariak Udaletxeko arkupeetara joan dira, bandera jasotzera. Jose Antonio Santano alkateak ez die harrerarik egin –emakumeak diskriminatzen dituen Alardeari bai–, eta bandera Jose Diez EH Bilduko zinegotziaren eskutik jaso dute.  

Alardeari babesa adierazteko ere han izan dira Manu Lezertua Arartekoa, Izaskun Landaida Emakundeko zuzendaria, Luis Intxauspe Udalbiltzako lehendakaria eta Denis Itxaso Gipuzkoako Aldundiko Kultura diputatua. Maddalen Iriarte EH Bilduko legebiltzarkidea ere han zen, baita Ezker Anitza-IU eta Podemoseko ordezkariak.

Elkarrizketarako deia Emakundek

Landaidak nabarmendu duenez, tradizioak «kohesiorako elementu garrantzitsuak» dira baina «egokitu egin behar dira behar berriei erantzuna emateko», eta horregatik elkarrizketarako bidea zabaltzeko deia egin du.

Lezertuak ere Alardean parekidetasuna lortzeko oraindik «konpontzeko gauzak» daudela gogoratu du, eta Maddalen Iriartek Santanori, Iñigo Urkullu lehendakariari eta Markel Olano Gipuzkoako ahaldun nagusiari galdetu die zergatik ez dioten harrera egiten Alarde parekideari Udaletxean.

Denis Itxaso Kultura diputatuak «bi desfileekin gozatu du» eta zera adierazi du: «Kontua ez da Irunera inor inori lekzioak ematera etortzea, aitzitik, umiltasun osoz gatoz, festaz gotzatzeko aukera naturaltasunez eta normaltasunez ikus dadin laguntzera, berdintasuna eta festatan elkarbizitza guztiz bateragarri baitira». Berdintasunaren eta integrazioaren bidean aurrera egiteko «urrats gehiago» egin behar dira bere ustez, eta konponbidea «Alardea ondo ezagutu eta asko maitatzen dutenen eskutik etorriko da, hau da, Irungo herritarren eskutik».