Gotzon Elizburu
Kazetaria
JO PUNTUA

Ekimen sozialaz

Duela hilabete idatzi nuen hezkuntza eta lan munduari buruz txoko honetan. Landutako ideietako bat izan zen, hezkuntza eta lan munduko beharren arteko koordinazioa beharrezkotzat dudala, betiere beharrizan sozialak lehenetsita. Irakurle batek arrapostu egin zidan, «soziala» hitza erabiltzearekin zer adierazi nahi ote nuen, eskuinak edo, zehatzago, Adegik «ekimen soziala» hitza erabiltzen duelako interes pribatuen arabera egindako ekimenekin.

Ez nuen asko behar izan kritika horren egiazkotasuna frogatzeko. Gipuzkoan gizarte zibileko hainbat pertsonak aurkeztutako ekimenaren berri izatean uxatu zitzaizkidan zalantzak: Gipuzkoa Garaile. Gizarte zibilaren ekimen soziala. Ja! Handik egun gutxira jaso nuen Gipuzkoako eta Soraluzeko EAJk elkarlanean egindako hauteskunde panfletoa. Bilduk gauzak ze gaizki egin dituen azaldu eta EAJ salbatzaile ahalguztidunak egingo duenaz: errauskailua eraiki, aberastasunaren gaineko zerga kendu eta ekimen publiko-pribatuan oinarritutako eredua abiatu. Guztiak interes sozial handikoak. Atentzioa honek deitu zidan ordea: «Gizarte babesa: arlo publikoan oinarritzen da ezker abertzalearen eredua, ez da fio gizartearekin. Ez du gizarte-politiken etorkizuna bermatzen». Izugarrizko karanbola eredu kapitalista pribatua, herritarron eskubideen berme diren instituzioek bultzatutako politika publikoena baino hobea dela saltzeko.

Zein da EAJk aipatzen duen gizartea? Adegi, katastrofea ekarri duen lan erreforma aplikatu duten enpresariak, malgutasunaren izenean kaleratzeak erraztu eta soldata miserableak aplikatzen dituztenak, lehiakortasunarekin ahoa bete eta prekarietatea inposatzen dutenak. Eredu neoliberalaren defendatzaile sutsuenak. Gipuzkoa Garaile azken finean. Aurpegia behar da euren politika neoliberalekin eragiten duten miseriari erantzuteko politika sozialen bermea miseria eragiten duten berberak direla esateko. Makina bat kanta entzun izan ditugu hitzen oinarri ahulari buruz. Hor baitago azken batean joko politikoaren muinetako bat. Baina Gipuzkoa Garaile ekimen sozial gisa saldu eta EAJk ekimen sozialaz hitz egiteko beharra baldin badu, Bilduk gidatutako Foru Aldundiak gauza batzuk bederen ondo egin dituen seinale.