M. I.
BILBO

Denen kilometroak bizi dituzten pribilegiatuak

Hamaika eguneko bidaian lasterketak eta lekukoak bidea ongi egin dezaten, pertsona batzuk egoten dira zaintzen gau eta egun: furgonetetako kideak. Bi talde daude, bakoitza zortzi lagunez osatua, eta 12-14 orduko txandak egiten dituzte. Mikrofonoan, bolantean eta trafikoa zuzentzen aritzen dira eta denek denetarik egiten dute.

Lasterketako momentu lasai bat aprobetxatu dugu furgonetan sartu eta deskantsatzen ari den Iratirekin solas egiteko. Gidatzen doa Amaiur eta, ondoan, Memelo kopilotu. Irati atzeko eserlekuetako batean jarrita dago, bokadillo bandeja baten aitzinean. Beti izaten dute zer jana furgonetan, eurek erosia ez bada jendeak oparitua. Horregatik, irriz komentatu du jendeak kontrakoa pentsatzen badu ere, Korrikan ez direla argaltzen, egun osoa pikatzen pasatzen baitute.

Bere kide guztiak bezala, Korrika furgonetatik bizitzera “engantxatuta” dago lekeitiarra. «Korrika zure herritik pasatzean zure kilometroa bizitzen duzu, oso intentsoa da baina momentu bat da. Gu pribilegiatuak gara, denon kilometroak bizi ditugu», dio. Gune euskaldunetakoak, euskara indartsu dagoen lekuetakoak, eta egoera zailagoa den eskualdeetakoak, Arabako Errioxa edo Erriberakoak adibidez. Azken hauetan jendeak Korrika nola bizi duen ikusteak zirrara itzela eragiten die furgonetan dabiltzanei, indar handia ematen die.

«Pentsatzen jartzen zara eta makila bat eta bi furgoneta dira. Baina indarra eta magia sortzen ditu. Zenbat emozio, zenbat kili-kili desberdin sortzen dituen... eta irritik negarrera pasatzen gara, edo negarretik irrira», adierazi du pasioz beteta. Kilometroaren zain dauden guztiak saltoka egoten dira, eta euskara da mugitzen dituena, hizkuntzarekiko maitasuna.

Taldekideek hamar egun ematen dituzte 24 orduz elkarrekin, eta ez edozein 24 ordu. Badaude haserreak, tentsio momentuak, barre eta negar asko, eta txanda amaiera ailegatzean zulotxo batetik nola ibiltzen diren ikusiko balitz... Iratiren hitzetan, zorotasun batean sartzen dira, mundu magiko batean, bestela ez daukazun zorotasun batean.