Imanol CARRILLO
IRUÑEA

Esne kuoten sistemaren amaierak kinka larrian jarriko ditu abeltzainak

Europar Batasunak duela 30 urte ezarri zuen esne kuoten sistemaren amaiera gertu dago. Datorren asteartean izango du azken eguna Estatu espainolean, eta horrek «sekulako ziurgabetasuna» sortu du, ez baitago argi zer gertatuko den sektorean. Ondorioetako bat «merkatua liberalizatzea» izan liteke, multinazionalen mesederako. Beste sistema bat ezartzen bada, administrazioak ardura har dezan eskatzen dute, euskal abeltzainen kontrolarekin.

Gizartean oso ezaguna ez bada ere, 1984. urtetik dago martxan, Europar Batasunean, esne kuotak arautzeko sistema. Garai hartan ekoizpena gehiegizkoa zelako ezarri zen neurri hori, eta Euskal Herrian, Estatu espainolarekin batera, 1986an ipini zen abian. Azken 30 urte hauetan ekoitz zitekeen esne kuota arautu ondoren, datorren asteartean, hilaren 31n, amaiera emango diote sistema honi, eta horrek «sekulako ziurgabetasuna» sortu du euskal abeltzainen artean, ez baitago oso argi zein izango den hemendik aurrera jarraitu beharreko bidea.

Estatu mailan gaur egun dagoen esne-ekoizpen kuota 6,4 milioi tonakoa da gutxi gorabehera, eta, aldiz, 9,5 milioi tona inguru kontsumitzen da. Bestalde, Portugal, Estatu frantsesa edo Belgika bezalako tokietatik urtean datorren esne kopurua hiru milioi tonakoa da, %30, hain zuzen ere. Europar Batasunak (EB) lehen aipatutako esne kuota ezarri zuenean, Estatu espainolean urte batzuk lehenagoko kuota ezarri zen. «Europan sartu ginenean, gure sektorea oso kaltetua atera zeneko bat izan zen», aipatu dio GARAri Peio Dorai EHNE sindikatuko arduradunak.

Nekazari honek, beste hiru kiderekin batera, 1990ean 100 behirentzako ukuilua ireki zuen Nafarroako Udabe eta Beramendi herrien artean. Garai hartan, 1985eko esne kuota hartzen zen erreferentziatzat, «nahiko lotsagarria Espainiarako orduko produkzioarekin», adierazi du. Hau da, 300.000 litro ekoitz zezaketen, «baina animalia kopuru horrekin 900.000 litrorako aukera genuen».

Esne kuotak urte hauetan izan dituen bilakaera eta joera positibotzat hartzen ditu Doraik, baina ez du batere argi ikusten zer gertatuko den apiriletik aurrera. Espekulazioen artean, helburua «merkatua liberalizatzea» izan daitekeela uste du. Gaineratu duenez, «Madrilen, Danone enpresa hasi omen da abeltzainei esaten orain artekoa baino %2 gehiago ekoitz dezaketela». Baina ez berak, ezta inguruko abeltzainek ere, ez dakite Nafarroan bereziki eta Euskal Herrian nagusiki zer-nolako bilakaera izango den sektorean. «Badirudi kuotak beste era batean ezarriko direla», nabarmendu du nekazari nafarrak.

Alde negatiboak

Bai ikusten du, ordea, alde txar bat, enpresei edo gaur egun gure artean hain finkatuta dauden kanpoko multinazionalei begira, alegia, «kalte gehien egiten digutenak baitira».

Hala, behin esne kuota desagertzerakoan, «eta beste sistema bat ezartzen bada, administrazioak, betiere abeltzainen kontrolarekin, izan beharko luke ardura, eta ez enpresek edo industriak», ohartarazi du.

Hein horretan, administrazioaren jarrera salatu izan dute abeltzainek, «ez baitu inongo borondaterik izan» sektorean agertu diren arazoen aurrean.

Kezkaz hartzen duten beste gai bat «kuotaren erosketa» egitea erabaki zuten ustiategien etorkizuna da. «Bere garaian, 65 urteko abeltzain batek, erretiratu behar zuela-eta, bere kuota sal zezakeen. Orduan, edozein abeltzain joan zitekeen harengana eta kuota hori erosi», azaldu du Doraik. «Kuota erosterakoan, eskubide bat lortu dugu ekoitzi ahal izateko, eta Nafarroan, ia gehiago gastatu dugu eskubide hori erosten azpiegituretan baino. Abeltzainak zorretan sartu dira eta, gainera, gure ustiategiak deskapitalizatu egin dira», gehitu du.

Estatu frantsesak sektorean duen indarraz jabetu egin dira euskal abeltzainak. Horrekin batera, sektorean azken urteetan izan den abeltzain kopuruaren jaitsiera nabarmenarekin batera –«gaur egun gazteek ez dute bertan lan egin nahi», dio Doraik–, prezio txikiek sortu duten arazoa ere areagotu daitekeela uste dute ekoizleek.

Bospasei urte dira abeltzainak kostutik «askoz ere beherago» ekoizten ari direla. «Faktore asko ditugu kontra. Danone, Carrefour, Dia edo Leclerc bezalako multinazionalek min handia egiten digute», adierazi du.

«Produktu erakargarri bezala»

Izan ere, bertan 0,56-0,58 euroan eros daiteke esnea, ekoizleen prezioak 0,32-0,33 eurokoak diren bitartean –«eta hori ere negargarria da», aipatu du Doraik–. «Gainera, produktu erakargarri bezala erabiltzen dute esnea erosketak egiteko. Izan ere, adibidez, 30 euroko erosketa batengatik, bost litro esne eskaintzen dute», salatzen du. “Marka zuriak” sortu duen kaltea ere aipatzen dute.

Gauza hauek guztiak kontuan hartuta, «administrazioak sekulako lana» duela errepikatzen dute, nahiz eta «borondate falta» ikusi. Datozen hilabeteetan ikusi beharko da, beraz, sektoreak zein norabide hartzen duen.