Haritz Larrañaga
zarautz
KIROLA

Kantauri Surf Liga 2015Euskal Herriko surflarien bilgune

Bost urteko ibilbidean surflari eta surfzale askok hartu du parte txapelketa eredu berritzaile honetan. Egunotan atseden hartuko dute ligako talde partaideek, baina oporren ostean indarberrituta itzuliko dira lehiakideak eta udaberria amaitu aitzin izango da final handia.

Kantauri Surf Liga (KSL) Euskal Herri osoko surflariak taldeetan bildu eta elkarrekin parte hartzeko aukera eskaintzeko sortu zen, eta bide batez, baita bestelako eredu berritzaile bat martxan jartzeko ere.

Bost urteko ibilbidean talde anitzek hartu du parte, adin, sexu eta jatorri desberdinetako surflari askok egin du bat lehiaketa modu honekin, izan ere, talde giroan ondo pasatu, surf maila hobetu, eta beste herrietako surflariekin harremanak sendotzeko bitarteko interesgarria da KSL.

Aurten, Euskal Herriko Surf Federazioak (EHSF) hartu du bere gain Kantauri Surf Ligaren antolakuntza. Bide batez, beste txapelketekin bat egingo du zenbait asteburutan KSLk, beraz, txapelketa eredu desberdinak bultzatzeko parada ezin hobea izango da aurtengo txapelketen sasoia.

Taldeak eta arauak

Taldeak osatzeko zenbait irizpide behar dituzte parte hartu nahi duten surflari, lehiakide, epaile edo sostengu parte hartzaileek. Talde bakoitzak hamabi partaide ditu, sei lehiakide, hiru epaile eta hiru ordezko.

Batzuek taldeari goitizena ere jartzen diote, hori norberaren nahien araberako hautua da; finean, talde bakoitzak leku bat ordezkatzen du, nongotarrak diren da garrantzitsua, eta «etxean» egin beharreko txapelketak egiteko lekua bigarren mailako afera bilakatzen da. Beraz, taldea osatu eta txapelketa bat egiteko baimena lortzen duen edonork har dezake parte.

Aurtengoan ez da horrela gertatu, baina esaterako, Nafarroako herri batean talde bat osatzen bada eta kostako herriren bateko hondartzan txapelketak egiteko baimena lortzen badu, talde horrek bere herria ordezkatuko du hautatu duen hondartzan eta arazorik gabe parte hartu ahal izango du.

Txanda bakoitza epaileen ondoan hasi eta epaileen ondoan amaitzen da. Txapelketak irauten dituen 90 minutuetan lehiakide guztiak uretan dira, denek egin dezakete surf, baina epaileek soilik likra daraman surflariaren olatuak hartuko dituzte kontuan, beraz, likra soinean daraman surflariak du lehentasuna olatu bat hartzerako orduan.

Talde bakoitzak likra bat du, normalean gorria edo zuria izan ohi da, eta taldekide bakoitzak, gehienez, hiru olatu hartu ahal izango ditu likrarekin dagoenean. Hiru olatu horietatik puntuazio altuena jaso duten bi olatuak zenbatuko dira. Hiru olatuak hartu ostean, parte-hartzaileek taldekideekin aldatuko dute likra, uretan bertan.

Talde bakoitzeko, sei lehiakide izango dira uretan, eta hiru kategoria bereiz daitezke talde bakoitzean: neskak, 16 urtez azpikoak eta gainerakoak. Kategoria bakoitzeko bi ordezkari izango dira. Horrela, kategoria bakoitzean olatu bikoitza egiteko aukera dago, horretarako lehiakideak olatu on bat egin ostean eta erori baino lehen, besoak jaso beharko ditu, epaileek puntuazioa bikoiztu behar dutela jakin dezaten.

Talderen batek hiru kategorietako ordezkariak biltzea lortzen ez badu, berdin-berdin parte har dezake, baina soilik taldean dituen kideek ordezkatzen dituzten kategorien araberako puntuazio bikoitza jaso ahal izango du. Alegia, kategoriak ordezkaezinak dira.

14 urteko neska batek, esaterako, 16 urtez azpiko kategoria edo nesken kategoria ordezka dezake, baina ezin izango du bi kategorietan olatu bikoitza egin.

Epaileen puntuazio irizpideak, berriz, ohikoak dira, WSLk (lehengo ASP) ezartzen dituen epai irizpideak. Baina zenbaketa sinpleagoa da, izan ere, batetik bosterako eskalan puntuatzen da. Puntu 1 txarra, 2 puntu nahikoa, 3 puntu ona, 4 puntu oso ona eta 5 puntu bikaina.

Lehiakide guztiak uretan izateak ikuskizuna dinamikoa bilakatzen du, une oro baitago norbait olatu gainean eta horrek ikuskizuna aberasten du.

Bost urteko ibilbidea

Lehen bi urteetan Bizkaiko, Gipuzkoako eta Lapurdiko taldeak izan ziren beraien artean lehian. Horrela, 2011. eta 2012. urteetan finalak Zarauzko hondartzan egin ziren. Bi kasuetan itsasoko baldintzak oso onak izan ziren. Euskal Herri osoko surflariek elkar ezagutu eta olatu nahiz giro bikainaz gozatzeko aukera paregabea izan zuten.

Hortik aurrera, itsasoko baldintzak aldakorrak izan arren, giro onak bere horretan jarraitu du. Iazko neguan, esaterako, Deban izan zen finala, bertako Zurrunbilo elkarteak eskuratu zuen 2013/2014 Kantauri Surf Liga saria eta sekulako giroa izan zen bazkari eder batekin eman zioten amaiera sasoiari.

Aurten ere ez da Ekialdean talderik sortu, baina lapurtarrak finalean izango dira, gainerako lehiakideekin surf egiten eta sasoia amaitzeko egiten diren ekimenetan parte hartzen.

2015ean guztira 8 talde ari dira parte hartzen KSLn, beraz, 120 surflari ari dira lehian. Otsailaren 28an hasi zen itzuliak eten bat egingo du Aste Santuan, baina apirilaren 11n berrartuko du lehia. Guztira hamar saio izango dira aurtengoan eta ondoren Mendebaldeko zein Erdialdeko talde irabazleen arteko finala izango da.

Mendebaldean, Araba eta Bizkaiko lehiakideez osatutako taldeak ari dira lehian: Getxo Surf Taldea, Bakio Surf Taldea eta Artzabal-Ogoñope Surf Team dira talde parte-hartzaileak. Orain artean lortutako emaitzen arabera, Getxokoek dute lidergoa.

Erdialdean, Nafarroa zein Gipuzkoako taldeak lehia daitezke, eta hemen, parte-hartzaileak ugariagoak dira. Zurriola Surf Eskola, Pukas Surf Eskola, Zarauzko Surf Elkartea, Patris Surf Eskola eta Zurrunbilo Ur Kirol elkartea ari dira elkarren artean lehian. Oraingoz Pukas Surf eskolako taldea da buru.