GARA
BILBO

19. Korrika inoizko handiena izan da «euskahaldunen» babesari esker

AEK-ko arduradunek eta Korrikako antolatzaileek hamaika egunez Euskal Herria zeharkatu ostean, pasa den igandean Bilbon amaitu zen 19. Korrikari buruzko balorazioa egin zuten. Horien ustez, jendeak emandako babesari esker inoiz izandako ediziorik handiena izan da, baita komunikabideetan jarraituena eta hunkigarrienetakoa ere.

Aurtengo Korrikak inoizko jendetzarik handiena bildu duela adierazi zuten atzo Bilbon egindako balorazioan Asier Amondo Korrika arduradunak, Mertxe Mugika AEK-ko koordinatzaileak eta AEKren Artezkaritza Kontseiluko kideek. Izan ere, horien hitzetan, «19. Korrika handiena izan da».

Lehenik eta behin, Korrikan modu batera edo bestera parte hartu duten guztiak zoriondu zituen Amondok. «Ziur asko, inoizko abiatzerik indartsuena ezagutu genuen martxoaren 19an. Korrika ezagutzen ez zuen Urepelen, elkartu zen jendetzarekin, abiatu ginen Bilborantz. Oso berezia izan da elkartzea nekazaritza giroko herri txikia eta euskal herritar gehien hartzen dituen udalerriarekin, Bizkaiko hiriburuarekin, hain zuzen ere», azpimarratu zuen.

Era berean, igandean Bilbon bildu zen «euskaltzaleen uholdea» goraipatu zuen eta baieztatu zuen San Nikolas elizaren parean zegoen argazkia betiko gogoan izango duela.

Hunkituta jarraitzen dutela aitortu ostean, adierazi zuen 2.500 kilometrotan euriak askotan busti dituen arren, Korrika bera ere «uholde bat» izan dela eta horrek «euskararen garra hamaika egunez pizturik» mantendu duela.

Korrika Txikiak ere aipatu zituen. Izan ere, «‘txiki’ diogu milaka kilometro egiten ez dituztelako, milaka lagun bildu gabe, baina urrunean kanpoan bizi diren euskaltzaleek egiten duten ekarmena oso handia da».

Hedapenari dagokionez ere inoiz izan duen jarraipenik handiena izan du 19. Korrikak, eta ez bakarrik komunikabideak inplikatu direlako, baita ere «milaka lagun bihurtu direlako argazkilari, mezulari, esatari, sortzaile...» Interneti eta telefonoei esker.

Euskahalduntzearen urratsak

Metxe Mugikak Lorea Agirrek (“Jakin”) lekukoan sartutako mezuan idatzitakoa gogorarazi zuen: «Auzia ez da izan ala ez izan. Kontua ekitea da. Egiten duguna gara. Izatea egitea da». Hala, gure gaitasunaz jabetu eta ahalduntzen jarraitzeko garaia dela esan zuen. Bide horretan, uste du Korrikak hainbat mezu indartu dituela oraingoan. «Inoiz baino ozenago, euskal herritarrok aldarrikatu dugu euskaraz bizi nahi dugula eta edozeren gainetik lortuko dugula. Eta bestetik, euskaltegien izaera estrategikoa agerian geratu da. Euskararen normalizazioan rol estrategikoa jokatzen du helduen euskalduntzeak».

Azken ideia horri helduz, esan zuen «belaunaldi eleaniztunak behar ditugun bezala, helduagoa den jendartean euskararen partidari heltzeko aroan» gaudela. Bere ustez, hori lortzeko euskararen normalizazioa erdigunean kokatu behar da orain arte herritarren «euskahalduntzean» egin diren urratsak are handiagoak izan daitezen. Amaitzeko, bide hori erronka kolektibo bat dela adierazi zuen.