Ariane KAMIO
DONOSTIA

Hizkuntza eskubideen gauzapenerako mugarria

Bartzelonan 1996an sinatutako Hizkuntza Eskubideen Adierazpen Unibertsaletik hogei urte beteko dira 2016an. Bigarren mugarri baterako urtea izango da. Kontseiluak eta Donostia 2016k eraginda, eskubide horiek praktikara eramateko protokoloa onduko du aditu talde batek. Emaitza Europako Hizkuntza Aniztasunari Buruzko Goi Bileran aurkeztuko da.

Urtebete eta bederatzi hilabete. Atzerako kontaketa abian da. Epe hori izango du aurrerantzean aditu talde batek, hizkuntza eskubideak praktikara eramateko protokoloa gorpuzteko. Europa, bakea eta elkarbizitza jomugan izango dituzte. Hari honen muturrera iristeko, ordea, 19 urte atzera egin behar da; Bartzelonan 1996an sinatutako Hizkuntza Eskubideen Adierazpen Unibertsaleraino. Mugarri bat, Europako hizkuntza aniztasunaren biziraupenean. Eskubideak idatzita badaude, nola eraman horiek praktikara? Hori da Kontseiluak eta Donostia 2016k bultzatuta sortuko den protokoloaren helburua; teoria praktikara eramatea. Euskal Herrian euskarari dagokionez, baina beste nazio eta lurraldeetan beste hainbat hizkuntzentzako tresna ere izango da.

Kasik bi urteko epea izango du aditu talde batek ibilbide orri horren hezurdura finkatzeko. Emaitza, hartara, Europako Hizkuntza Aniztasunari Buruzko Goi Bileran aurkeztuko da, 2016an, Bartzelonako adierazpenetik hogei urte betetzen direnean. Egitasmoaren aurkezpen orokorra atzo egin zuten bi erakundeek Donostiako Miramar jauregian. Horiekin batera, talde eragilearen barnean dauden erakundeak izan ziren: ECMI, ELEN, Linguapax International, PEN International, Ciemen eta UNPO.

Gizarte zibila motor

Kontseiluko idazkari nagusi Paul Bilbaok argi utzi zuen 2016ko abenduan egingo den Hizkuntza Aniztasunaren Goi Bilera ez dela hitzaldi sorta bat izango, erabaki gune bat baizik. «Baina oraingoan gizarte eragileek erabakiko dute», gaineratu zuen. Izan ere, egitasmo honen motorra gizarte zibila bera izango da eta berak izango du erabakien gaineko subiranotasuna. «Europako gizarte zibila subjektu erabakitzailea izango da», ohartarazi zuen. Lotura instituzionalik gabeko erakundeen babesa jaso dute, eta horixe da «giltzarria», bere hitzetan, gizartearen bultzadarekin lan egitea. Hizkuntzaren alorrean eta giza eskubideenean lanean diharduten aditu eta eragileekin eztabaida eta adoste prozesua egingo da Europa mailan. Prozesu horren emaitza izango da protokoloa bera.

Ez da diagnosi bat egiteko unea izango, alderantziz, goi bileraren ondotik «ondare bat» uztea izango da helburua. «Tresna bat sortu nahi da, leku desberdinetako erakundeek hizkuntza eskubideak gauzatzeko erabilgarri izango dutena», zehaztu zuen.

Horrela, 2016ko abendua ibilbide bateko lehen pausoa izango dela azpimarratu zuen Bilbaok, «eta 2017ko urtarriletik aurrera bere bidea jarraituko du; guk lehen alea baino ez dugu jarriko».

Prozesu baten emaitza izango den protokoloa nazioarteko foro eta instantzietara eramango da eta harreman dinamika bat garatuko da, izaera anitzeko erakundeek hizkuntza aniztasunarekiko duten konpromisoaren arautzaile gisa erabil dezaten.