GARA
GASTEIZ

Gora Gasteizek hiria koloretsua eta bizia dela erakutsiko du hilaren 18an

Apirilaren 18an jarri dute zita Gora Gasteiz ekimeneko kideek Arabako hiriburua bizia eta koloretsua dela erakusteko helburuarekin. Sei gunetan egingo dira ekitaldiak, eta egun hori lau hilabete hauetan egin duten lanaren isla izatea ere nahi dute.

Gora Gasteiz ekimena sortu zenetik lau hilabete pasa ondoren, hirian pertsona guztiek eskubide berberak dituztela aldarrikatzeko jai eguna egingo dute hilaren 18an.

«Gure hastapeneko adierazpenetan ere esan genuen kolektiboak eta norbanakoak gehitu nahi genituela ideia batean inguruan: «izan kolore», eta era horretan, denok batera, ilusioak eta ahaleginak batuz, antolatu nahi genuela egun hori eta ez dugula inolako bazterketarik onartzen. Hiri horretan ez litzateke inolako arrazakeria motarik onartuko, ez erakunde publikoen aldetik, ezta beste inoren aldetik ere. Halaber, hiri horrek pertsona guztien gizarte eta kultur eskubideen alde borroka egingo luke», gogorarazi zuten Gora Gasteiz ekimenaren izenean Unax Ugaldek eta Ainhoa Garagarzak.

Lanean hasi zirenetik helburuak lortu dituztela gaineratu zuten, eta hilaren 18ko ospakizuna horren isla izango da: «Guztion artean ehundu ditugun sare horiek erakutsi dute, beste behin ere, gure eskubideen alde aritzeko, antolatzeko eta espazio zein ekimenak eraikitzeko ahalmen itzela duela gure herriak. Oraingoan, ahalmen horren isla da gure egitaraua».

“Aniztasunaren eta gizarte eskubideen alde irten kalera” lemapean aldarrikapenerako sei esparru kokatuko dira Gasteizko hainbat txokotan. Aihotz plaza jokoen topagunea izango da. Foruen plazan Kultur Txokoa antolatuko dute, The Potes, Afrikako doinuak, flamenkoa, breakdancea, Itziarren Semeak eta Zopilotes Txirriaos entzun ahal izango dira.

Handik hurbil, Posta plazan mugimendu eta kolektibo desberdinek euren proposamen eta aldarrikapenen berri emango dute, eta Etxauri plazan herrialde ugaritako jaki eta edariak (kuskusa, fruta zukuak, porrusalda, cheeb oudjena, Pakistango arroz esnea, ...) dastatzeko aukera izango da. Andre Maria Zuriaren plazan te topaketaren bigarren edizioa izango da eta Probintzia plazan emakumeen artelanak erakusgai izango dira. Gaztetxean, argazki erakusketak eta musika izango dira.