Aitziber Pz. KARKAMO
Kazetaria

Ohartzen al dira?

Urteak izan dira ordu txikitako iluntasunaren erdian ikaraz esnatzen emandakoak. Orain, eguna argitutakoan etortzen dira. Milaka izan dira bortxaz hautsitako ateak eta hankaz gora utzitako etxeak. Orain, zorroztasunez egiten saiatzen dira. Ehunka izan dira inkomunikazioaren babespean gauzatutako torturak eta akabatutako arimak. Orain, gardentasunez eta legediaren baitan aritu nahi dute. Baina, finean, ezer ez dela aldatu gogorarazi nahi digute. Berriz ere gizon-emakume armatuak, izan daitekeen gizatasunaren adierazgarririk argienaren kontra eginez. Berriz ere, Gobernuaren menpeko togadun ejerzitoaren ebazpen lotsabakoak, eskubide urraketak argudiatu nahian.

Elkartasuna ez da delitua, baina izango balitz, badira milaka herritar legediari muzin egiteko prest. Presoek harrera mediko egokia izatea eskubidea da, baina urratzen badiete, milaka gara berenganatzen laguntzeko prest gaudenok. Diotena diotela, sakabanaketa giza eskubideen urraketa sistematikoa da eta horrela salatzen jarraituko dugu. Ez al dira ohartzen gure izaera tematiaz? Munduan hizkuntza gutxitu baten aldeko ekimenik handiena antolatzen duen herrian, errezeta zaharrek ez dute balio, eta munduari buelta emateko adina kilometro egiten jarraituko dute lagunek, senideek, medikuek eta psikologoek, munduak buelta eman arte.