Xabier Izaga
Kazetaria
JO PUNTUA

Sakabanaketa ez da urraketa argia

Bizikidetza zaila omen da autokritika gabe, denok egin behar omen dugu autokritika. Ados. Are gehiago giza eskubideei dagokienez. Batzuek, besteek baino areago, ordea. Baliteke. Presoek areago? Bai zera, egoera kaskarrenean daudenek, hain zuzen, azken hiru urte pasean, beren hurkoekin batera, eskubideen urraketa ikaragarriena jasotzen ari direnek?

Autokritika, nolanahi ere, ez da norberaren kritika besteak onartzea. Gogoetatik sortu behar du, eta eztabaidak gogoeta errazten du.

Iñigo Urkulluk atzo aurkeztu zuen Zuzendu programaren gaineko albistea irakurri ondoren, presoen Euskal Herriratzeko eskaera atzera bota duen ebazpena irakurri nuen hirugarrenez eta, opor txikiak hasi berritan, marmarrak hausnarketa eta adostasunerako borondate bihurtu zitzaizkidan.

Auzitegi Nazionaleko Espetxe Zaintzarako epaileak dioenez, presoen eskubideak bermatzea dagokio berari. Ados. Ikusten? Ondorioz, egin nuen neure artean, euskal presoen sakabanaketaren aurka agertu beharko luke. Baina ezin, oinarrizko eskubideen urraketa argia gertatzen bada baino ez baitagokio esku hartzea. Ergo sakabanaketa ez da urraketa argia. Hori ondorioztatu orduko sutu egin naiz, baina segituan lasaitu eta guztiz ados nagoela ohartu naiz. Sakabanaketa ez baita, inondik inora, urraketa argia. Iluna da, oso iluna.

Izan ere, sakabanaketaren ondorioak ez ditugu inoiz kameraren argitan ikusiko. Ez ditugu telebistan ikusiko bidaiatzerik ez duten guraso zaharrak, are gutxiago presoaren urteetako bakartzea, jasotako jipoiak edo bisita osteko kezka. Estatuko irrati eta kazeta nagusiek ez dute programa berezirik egingo bisitara bidean edo handik bueltan hil diren 16 senide eta lagunen gainean, ezta joan den urtean izandako hogeita hamarretik gora istripuak aipatu ere egingo.

Ez, urraketa horiek guztiak ez dira batere argiak. Ilunak dira, torturaren sotoak bezala. Ilunak dira, Auzitegi Nazionalaren historia bezain ilunak.