Maider IANTZI

GURPILEN GAINEAN IZOZKIA JATEN DABILTZAN LEHEN BARRASKILOAK

Euriaren eta hotzaren ondotik etorri zaigun bisitari deseatua da eguzkia. Idortzen jarri ditu gorputz umelak eta etxetik atera ditu lehenbiziko barekurkuiloak. Horietako aunitz gurpil gainean dabiltza, haize freskoa hartuz eta izozki bat janez hiriaz gozatzen.

Eguraldi ederrak jendez bete ditu petrilak. Zer gertatzen den ikustera hurbildu eta ez dago deus, itsasoa eta eguzkia dira ikuskizun bakarra eta guztia. Gozo, edari edo izozki bat hartuta eseri da hamaika lagun, bertzerik gabe. Lehenbiziko barraskiloen bilgune dira pasealekuak eta atariak ere, eta berdin hondartzak. Boleibolean jostatzen eta hondar muinoen artean paseatzen ari dira; animatuenek, uretara salto egin dute hotzak kikildu gabe.

Donostia, adibidez, hagitz hiri turistikoa da; hemendik urrira arte mundu osoko bisitarien topaleku izanen da. Hauen, eta bertako jendearen, ezaugarrietako bat, guzti-guztiek izozkia ahoan izateaz aparte, bizikletan, patinetean edo patinetan ibiltzea da. Gero eta lagun gehiagok erabiltzen dituzte garraiobideok, bereziki bizikletak. Horregatik, eskaintza ugari dago, Udalak ematen duen zerbitzutik hasi (aurki turistei ere Dbizi bizikletak alokatzeko aukera emanen die) eta denetariko tailer eta dendetaraino. Horietako bat da Sanse Bikes.

Denek goraipatu, eta gehiago nahi

Bulebarreko lokalean solasean ari dira Fernando Peralta Sanse Bikes denda-tailerraren jabea eta Sofia Lekuona erabiltzailea, era guztietako bizikleten artean, paseokoak, mendikoak zein umeenak. Bigarren eskuko bizikletak saldu, erosi, alokatu eta konpontzen ditu Peraltak. Osagarriak ere baditu. Hurbileko tratua du bezeroekin, eta nabari da –berak dioen bezala, ez zaio diruari bakarrik begiratu behar, maitasuna ere eman behar da–. Emakume bat etorri da alabaren bizikleta konpontzera eta semearentzat txikiago bat baduen galdetzera, hankak zintzilik gelditzen zaizkiolako. Sofia, berriz, Fernandoren ondoan egon da elkarrizketan, bere ekarpena eginez.

Batera eta bertzera dabilela, lan egiteari utzi gabe azaldu du dendariak bai bertakoak bai turistak gustura daudela hiriko bidegorriekin. Gehien harritzen direnak amerikarrak omen dira. Denek goraipatzen dute Donostiako zerbitzua, baina gehiago nahi dute; batez ere, bertze herriekin loturak hobetzeko eskatzen dute. «Adibidez, nik Pasaiara bidaltzen ditut asko, baina ez da erraza bertara iristea», agertu du.

Turistek bizikleta maite dute hiria lasaiago eta askeago ikusteko, nahi dutenean geldituz, errate baterako ilunabarraz disfrutatzeko. Hego Afrikako talde bat eta Australiako familia bat etorri zaizkio gaur Sanse Bikes denda-tailerreko jabeari. Alde guztietako jendea hartzen du, denboraldika: aurrena australiarrak, gero frantsesak eta alemaniarrak, ondotik amerikarrak... Donostiarrez galdetzean, hala erantzun du: «Lehenik eta behin, nahi dutena ez ebastea da. Bizikleten merkatu beltz bat dago. Gainera, gazte batzuek gauetan kandaduak kolpatu eta irekitzea lortzen dute, eta etxeratzeko erabiltzen dituzte bizikletak. Gero botata uzten dituzte».

Laugarren denboraldia du Peraltak eta bizikleten harrera gero eta hobea dela ikusten du bai turisten bai bertakoen aldetik. Sofia Lekuona auzoko bezeroa da eta neguan utzi samar izan duen bizikleta konpontzen ari da pixkanaka-pixkanaka. Paseoko bizikleta da berea, zahar samarra, eta heldu den asterako prest izatea espero du. Ondotik, Fernandok erdi txantxetan dio berea «bizikleten gobernuz kanpoko erakundea» dela; zenbat zauri sendatzen dituen...

Sofiak denetarako erabiltzen du garraiobide hau, lanerako zein hondartzarako, autoa eta autobusa alde batera utzita. «Azkarra da, ez du kutsatzen, buelta bat ematen duzu eta haize freskoa hartzen duzu. Ez zoaz autobus batean sartuta jende pila baten tartean. Hiriko distantziak laburrak dira eta oso ondo prestatuta dago bizikletentzat, alde guztietan, gero eta gehiago», adierazi du gazteak.

Iradokizun bezala, autobusetan bizikletentzako txoko bat jartzea proposatu du, adibidez leku aldapatsuetara iristeko, hiri ugaritan egiten den gisan.

Skatea, patinetea... gurpildun edozer

Sanse Bikes bertatik hurbil, udaletxearen ondoan dago Westside denda, Ijentea kalean. Salmahaiaren gibelean, Xabi Zumeta eta Jon Mikel Zubeldia egoten dira, bizikletak saldu eta alokatzeaz gain, erabiltzaile ere badirenak. Kirola eta aisia uztartuz, batez ere bizikletak eskaintzen dituzte, paseokoak, ikusgarriak eta berriak. Erakusleihoan, arreta ematen du aterkidun bizikleta batek –jendeak eskatzen omen ditu eta saltzen omen dira–. Barrenean, skateak, long skateak, patineteak... gurpildun edozer ageri da.

Skate luze-luze batez galdetu eta modan jarri zen padel surfa bezala dela, baina, skatearekin, esplikatu digu Xabik. Ibilaldietarako erabiltzen omen dira. Batzuek Santiago Bidea egin dute ibilgailu bitxi haren gainean. Skatea trukoak egiteko baliatzen den bezala, gazteek gero eta gehiago erabiltzen omen dute longboard taula garraiobide moduan.

«Honek zenbat balio du? Sar naiteke?», galdetuz igaro du atea mutiko batek. Gazteetatik zaharretara, bertakoetatik turistetara, denetariko bezeroak dituzte ekainean zabaldu zuten denda honetan ere. Westside.es webgunearen bidez, Europara iristen dira. Saskiak, aulki erosoak, txirrinak... ere eskaintzen dituzte, jendeari bere bizikleta bereiztea gustatzen zaiolako. «Nik uste gero eta jende gehiagok erabiltzen duela bizikleta urte osoan, hiria gero eta prestatuago dago eta gero eta erosoagoa da», azaldu du Donostiako saltzaile gazteak, Sanse Bikes denda-tailerreko lagunekin bat etorriz.

 

Gansa & Rollers taldea: dibertituz, kalean patinatzeko beldurra galtzen

Denak izozkiarekin ikusita gu ere bat erostekotan hurrengo gurpildunen bila goazela, hara non egin dugun topo Bulebarrean izozkia jaten ari den patinatzaile kuadrilla batekin, eta hara non txokolatezko izozki goxo bat luzatu diguten... ezta nahita ere! Gansa & Rollers taldekoak dira. Izozkia janez ospatzen ari dira bosgarren urtebetetzea. Izen bitxia nondik datorren? Gaztelaniazko “ganso” hitzetik, helburua jendea patinatzera animatzea baita eta erritmoa beti jartzen baitu motelenak. Gutxi hasi ziren eta orain 50 izanen dira. Kalean patinatzeko beldurra galtzea nahi dute, gauza bat delako ikastaroetan ibiltzea eta bertzea kalean. Diotenez, orain patinatzaile dezente dago, baina lehen ez. Lagunartean, gehien dakienak gutxien dakienari irakastea da ideia. Horretarako, astelehenero elkartzen dira Igaran, Carlos Santamaria plazan, 18.30etik 19.00era bitartean, Donostian barna itzuli bat egiteko.

«Hirugarren denbora ere izaten dugu», kontatu du batek. «Batzuek laugarrena ere bai», gaineratu du bertze batek. Hauek afaldu eta gero ere patinetan jarraitzen dute. Lehengoan, Astigarragara joan ziren, sagardotegira. «Ea bidegorri bat zabaltzen duten!», eskatu dute. Buelta ere gurpiletan egin omen zuten –batzuek patinetan, bertzeek taxian–, eta hala itxi omen zituzten Donostiako taberna batzuk.

Baina taldeaz ari gara sortzailearekin egon gabe. Koro del Santo aitzinerago dago, udaletxe parean. Deitu eta salto batean agertu da sorrera nola izan zen kontatzera. «Donosti Rollers taldea ezagutu nuen, hauek maila erdi-altua dute eta jendeak inbidiaz komentatzen zidan: ‘Eurekin ikusi zaitut...’. Lankide, familia eta lagunek sortu genuen Gansa Rollers».

Ibilbide errazak egiten dituzte, 10 kilometrokoak, eta gurasoak etor daitezke seme-alabekin. Itziar aurkeztu digu Korok, 13 urteko neskatoa, helduagoekin primeran moldatzen dena. Aitarekin etorri da. «Biok batera zerbait egiteko, patinatzen ikasi genuen», dio.

Gehienak Donostiakoak dira, baina badira Eibar, Zumarraga edo Pasaiakoak ere. Taldea irekia da eta animatzen denak aski du edozein astelehenetan, eguraldi hagitz txarra ez bada, Igarara agertzea.M. I.