GARA
OTXANDIO

Euskaraz Bizi Eguna Otxandion ospatuko dute datorren larunbatean

«Euskararen alde egotetik euskararen alde egitera» lelopean ospatuko dute Otxandion Euskaraz Bizi Eguna. EHEk uste du euskaraz bizitzea euskaldunen esku dagoela eta horregatik pausoak eman behar dituztela. Kasu honetan, festa giroan emango dute pausoa.

Aurtengo Euskaraz Bizi Eguna Otxandion ospatuko dute datorren larunbatean. Arabarekin muga egiten duen herri bizkaitarra herri euskalduna da, euskararen arnasgune, eta nahiz eta txikia den –1.300 bizilagun inguru– «euskaldunon babesgune handia da» EHE Euskal Herrian Euskaraz-eko kideen arabera. Euskal Herriko udalerriek euskaraz bizi nahi dutela festa giroan aldarrikatzeko asmoz egitarau oparoa prestatu du EHEk bertako elkarte, eragile eta herritarrekin auzolanean.

«Euskaraz bizitzea gure esku dago, baldin eta hiztun aktiboak bagara. Geldirik bagaude, isil-isilik, akabo», nabarmendu du EHEk igorritako mezu baten bidez. Elkarte euskaltzalearen ustez, mugitu nahi duenak, norabait iritsi nahi duenak, dagoen lekutik urrats bat harago joan behar du. «Egotea ez da nahikoa; egin egin behar dugu, indarrak eta grinak batu, gogoak martxan jarri, euskaldunak ahaldundu eta herri euskalduna mugiarazi».

Hori dela-eta, euskaldun eta euskaltzale guztiei deia luzatzen die EHEk larunbatean Otxandion ospatuko den festan parte hartzeko eta, keinu txiki horren bitartez, euskararen alde egotetik euskararen alde egitera pasatzeko.

Denetik, baina euskaraz

Euskaraz Bizi Eguna aldarrikapenerako aukera da, baina festarako ere bai. Horregatik, egun osorako ekitaldi ugari antolatu dituzte, inor ez aspertzeko.

Goiztiarrenak mendizaleak izango dira. Mirugain mendi-taldearekin batera irteera egingo dute 09.00etan eta itzultzen direnean (dutxa hartzeko aukera izango da), Soinubilen eskutik antolatu duten kantu-poteoan parte hartu ahal izango dute.

Egunean zehar, gainera, Urdax Magunazelaia harri-jasotzaileak erakustaldia eskainiko du, txistulariek kaleak alaitzen dituzten bitartean. Era berean, euskal border arrazako artzain txakurrek antzarekin erakustaldia egingo dute, normalean ardiekin egiten duten bezala, baina oraingoan hegaztiekin. Haurrentzako puzgarriak, tailerrak eta jolasak izango dira Kimuak aisialdi taldeari esker.

14.00etan, Euskal Herriak euskaraz bizi nahi duela aldarrikatzeko ekitaldia izango da, eta ondoren, 500 lagunentzako herri bazkariari hasiera emango diote.

Bazkalostean, musikari helduko diote. Gibelurdinek europar folk taldea igoko da lehenik taula gainera. Ondoren, Bulkano FTk partida jokatuko du, eta arratsalde amaieran Urduri dantza taldea arituko da.

Iluntzean, Batukotx batukada taldeak kale animazioa eskainiko du, ondoren taula gaineko taldeei leku egiteko. Gauean Luhartz erromeria taldeak askotariko taldeen kantak eramango ditu Otxandiora eta bertaratutakoak dantzan jarriko ditu. Ondoren, Gozategik aspaldiko kantak zein berriak taularatuko ditu eta eguneko doinurik gogorrenak Arrasateko Governors taldearen eskutik iritsiko dira azkenik. Egunari itxiera borobila emateko, DJ Elepuntok emanaldia eskainiko du Gaztetxean.