Amalur ARTOLA
DONOSTIA

«Jende desegokia» komedia «gaiztoa» aurkeztu du Zabartek

Nobela komikoa baino, «Jende desegokia» komedia «gaiztoa» dela dio Gaizka Zabartek. Ez du gag edota txiste merkerik, ezta esketxik ere. Horren truke, mendekuz harilkatutako kontakizun «deserosoa» eraiki duela dio, irakurleari irribarre maltzurra aterarazteko modukoa.

Bere bigarren eleberriari generorik ezarri beharko balio, “Jende desegokia” «komedia gaizto» gisa izendatuko lukeela dio Gaizka Zabartek. Gag, txiste eta esketxik gabea, baina kontakizun «deseroso» baten bidez irakurleari lantzean behin irribarrea aterarazten diona. Eta mendekua da, idazle zaldibartarrak azaldu duenez, horretarako bide eman dion lanabesa: «Oso gai emankorra da, istorio guztian zehar presente dagoena. Eleberrian ekintza mendekatzaileak gertatzen dira, langile batek nagusi baten kontra egin dezakeen ekintza, esaterako. Baita ekintza artistiko-politikoak ere, Barcinari emandako tartakadaren edota Draghiren aurka berriki egindakoaren tankerakoak», azaldu du.

Ekintza «mendekatzaile» horien erdian Desegokituen Elkartea dago. «Kideek euren artean oso gutxi dute komunean, interklasistak eta intergenerazionalak dira. Kasualki, une batean gune batean gurutzatzen diren pertsonak dira, Bilboko taberna batean bildu eta gertaerez hitz egiten hasten direnak. Egoki eta desegoki denaren gainean hausnartzen dute, gizartearen joerak aztertuz», dio Zabartek eta, alde horretatik, «egungo gizartearen kontrako kontakizuna» ere badela ziurtatu du. Zentzu horretan, elkarteko kideak «gizartean egokitzeko ezintasunak dituzten pertsonak edo egokitu nahi ez dutenak» direla nabarmendu du, eta elkartea ezagutu izanak haien bizitzan aldaketa nabarmenak eragingo dituela.

Eleberriak bi protagonista nagusi ditu: Peter Zuazo eta Odile Mores. Lehenak, idazle ohia bera, “DESegokitu” jardunaldi «bitxietan» parte hartzera gonbidatzen dutenean ezagutuko du elkartea. Bigarrena, aldiz, Desegokituen Elkarteko presidentea da. «Euren artean hurbiltze-urruntzeak gertatuko dira», aurreratu du. Era berean, amodioaz eta desamodioaz ere ari den eleberria dela agertu du.

Funtsean, “Jende desegokia” eleberria «ibilera desegokien kontakizuna» dela uste du idazle zaldibartarrak, «erraietatik eta errealismoz» kontatua eta idaztean «gozatu» egin duela dio: «Gustuko ariketa izan da, idaztea mundu bat sortzea den neurrian».