Julen Murgoitio
ZORROZTARRIA

Zaharra eta berria, non geroa?

Sarri gertatzen zait, buruan hamaika gauza eta eskuetan halako bi izanda, astean zeharreko albisteei jaramon gutxi egitea; are gutxiago albiste asko berriak ez direnetan. Tira! Aste honetan non edo non entzun dut, arin batean entzun ere, Eusko Jaurlaritzak bere pertsonala gaztetzeko planari helduko diola, etorri datorren zahartzeari aurre egiteko edo.

Eta burua lanean ipini dut une batez; horretan lanean esan gura dut. Gobernu horretako lehendakariak etorri zaizkit burura, jelkidetan zaharragoa zena joan eta gazteagoa dena etorri; adinez, diot, ez heldutasunez. Gaztetu bai, eta? Zaharragoa dena lehengoan pasatu zen Legebiltzarrak autogobernu zer horretaz iritzi erakusleiho duen batzorde horretatik, modeloen pasabide dirudien batzordetik. Eta geologoa ez bada ere harribitxi batzuk utzi zituen, belarrietan lege zaharren ezkoa ez dutenentzat entzungarri.

Politikan arkeologia dela esanda abiatu ei zen. Litekeena da. Baina arkeologi hondarrak ondare direla ezin ahaztu, atzokoa zelakoa egin zen eta etzikoa zelakoa egin litekeen argigarri! Ondarea zaharrarekin lotzen bada badira motiboak, arrazoiak barne, geroa balizko hondamenarekin lotzeko; klima politikoa gogoan. 2030erako burujabe izan gaitezkeela bota zuen, eta mapak beste estatu batzuk hartuko dituela ere, izen-abizen. Bilboz kanpoko mapamundiaz nabil orain. Baina nago ni, denbora bera baino askoz inportanteagoa dela denbora hori zelan betetzen dugun, gaurko arratsaldetik hasita. Abiapuntuetariko bat izan liteke gomazko pilotak golf-zelai publikoetan baino ez erabiltzea, harrokeria handiko trenak han-hemen utzitako zuloak baliatuta gainera. Estrategikoa dena bestelako moduan ulertzeko, estrategia bera barne, eta abiapuntu. Hortaz, agerraldi horretan benetako albistea jelkideak mutu egon izana da; asko esatea delako hori.