Fredi Paia
Bertsolaria
JO PUNTUA

Bideak josten. Hiru diskurtsoren sintesia

Mondragon Unibertsitateak opari ederra egin zigun zapatu goizean. Elkarrekin ikusteko zailak diren hiru tradizio politiko elkartu zituen hiru izenetan pertsonalizatuta.

Jesus Egigurenek azaldu zigun Estatuak sekula ez duela independentziarako aukera onartuko. Denbora galtzea dela indarrak horretan inbertitzea. Udalbiltzaren moduko erakunde nazionalak Europar Batasunak eskaintzen dituen estatuen arteko eskualdeen erakundetze aukeren baitan garatzeko bidea proposatu zuen. Aldi berean, diskurtso abertzale moderatua garatuz urrats horiek Madriletik mesfidantzaz ikus ez zitezen.

Juan Jose Ibarretxek azken urteetan hainbat unibertsitatetan landu duen voice-exit (ahotsa eman ala banoa) diskurtso politikoaren berri eman zigun. Lan bikaina egin duelakoan nago, argudio ekonomiko, kultural, sozial eta politiko unibertsalez osatutako lan intelektual sendoa agertu zuen. Nire harridurarako, neoliberalismoaren eta kontsumismoaren ondorioen kritika zorrotza egin zuen, gainera. Ilusioz beterik sumatu nuen.

Xabier Zubizarretak euskal hiztun komunitateaz hitz egin zuen. Bere esperientzia pertsonalaz euskal hiztun moduan. Bitxia egin zitzaidan hasieran, ezker abertzaleaz hitz egingo zuela uste bainuen, baina azkenik egokia iruditu zitzaidan etorkizunerako printzipio gisa. Gure herriaren etorkizunaz berba egiterakoan euskal hiztun komunitateak agendako lehen puntuan egon behar du. Betiere, alderdi politikoetatik bereizita.

Hiru diskurtsoen sintesi pertsonala: gure hizkuntza, eta ondorioz gure kultura, garapen ekonomiko eta sozialaren muinean bizitza kalitatean oinarrituriko arrazoiengatik ipiniko duen gizarte proiektua euskal herritarren gehiengoarena bihurtu. Bitartean, Europar Batasunaren zirrikituek eskain liezazkiguketen estatu izaerarik gabeko egitura politiko nazionalak eraiki, eta horretarako, estatuekin tentsiorik ez izatea helburu izango duen diskurtsoa praktikatu.