GARA
LAZKAO

Mozorro festa izango dute gaur lazkaotarrek sanprudentzioetan

Aste oso bat dute aurretik oraindik lazkaotarrek euren festa nagusiez gozatzeko, eta, hala, ekitaldi jendetsuak egitarauan zehar banatu dituzte. Atzo Gure Esku Dago taldekoek txupinazoarekin sanprudentzioei hasiera eman ostean, gaur egun polita dute, mozorroen eguna baita.

Kuadrillak 12.30ean aterako dira Jainekin txarangarekin batera dantzan. Ondoren, txosnagunean herri bazkaria izango da denentzat. Horrez gain, goizean Lazkaoko 72. Txirrindulari Proba egingo dute. Arratsaldean urruneko doinuak ekarriko ditu Lagni dantza taldeak, Gineakoak hain zuzen. Horien ostean, 22.30etan, Los Zopilotes Txirriaos eta Skakeitan taldeek emanaldia eskainiko dute plazan.

Bihartik aurrera

Asteburuari amaiera emateko eta kontuan izanik astelehenean jende ugarik lana izango duela, ez dute ezer prestatu igande gauerako, baina egunean zehar gauza ugari daude antolatuta. Adibidez, 11.00etan, pilota eskolen arteko topaketa egingo dute frontoian, eta, 18.00etan, pilota txapelketa herrikoiaren finala jokatuko dute.

Kirolarekin jarraituz, jubilatuentzako ibilaldi neurtua izango da 9.30ean. Eguerdian, berriz, Kataluniako Casteller de Sant Vicenç dels Horts taldea izango dute plazan. Iluntzean haur danborrada aterako da.

Helduen danborrada, ordea, astelehenean izango da 20.00etan. Horren ostean, eta kalean jende asko izango dela aprobetxatuz, herriko taldeek, Gauerdik eta Karnero Blancok, kontzertua eskainiko dute.

Asteartea herri musika eta dantzen eguna izango da. Izan ere, goizean txistulariak ibiliko dira kaleetan zehar, eguerdian, trikitilariak eta arratsaldean Oin Arin dantza taldea arituko da. Udal ordezkariak ere animatuko dira eta sokadantza eskainiko dute udaletxe aurrean, 13.00etan.

Asteazkenean, berriz, umeek goza dezaten egun osoko haur parkea prestatuko dute, herrian zehar ibiliko den tren txikia eta guzti. Arratsaldean ikastolako gaztetxoekin playbacka antolatuko dute eta ondoren Egan taldearekin abestu eta dantzatu ahalko dute.

San Prudentzio jaiak maiatzaren 3ra arte iraungo dute; beraz, falta den aste honetan oraindik bada tarterik kontzertu gehiagorako (Gozategi, Anestesia), lehiaketa gehiagorako (bakailao txapelketa, igeri lehiaketa), erromeriarako eta, batez ere, ondo pasatzeko.