Ixabel Etxeberria
Irakaslea
JO PUNTUA

Eragiteko

Izpuraraino heldu da Laborantza ministroa. Confederation Paysanne taldearen biltzarrera hurbildu da. Ez ditu laborariak pozik ikusi, baina antolatuak eta kezkatuak. Laborarien kezkak ulertu dituenez ez da segur. Laborariek botere publikoak ez dituzte arduratsu ikusten laborantzaren erronken aurrean, laguntzak eskasak dira laborantza txikiarentzat. Jose Bovek, bestalde, elikagaien gainean liburu bat argitaratu du, industriak sortzen dituen ekoizpen arriskutsuen aipatzeko. Herritarrek jakin behar dute zer duten platerean. Ekoizpen batzuen boikotaren aipatzea eta bultzatzea premiazkoa bihurtzen ari da ekoizleak ohar daitezen kontsumitzaileek ez dutela zernahi onartzen, kalitateari arreta zorrotzagoa jartzen diotela.

Maiatzaren Lehena hurbiltzen ari zaigu, krisia gainean dugularik. Eskubideen murrizketa baimentzen du krisiak; ez dira horregatik langileak gehiago ateratzen kalera, eskubideen defenditzera edo botere publikoen mugimenduen eskatzeko lanpostuen babeste aldera. Aitzitik, gero eta gehiago doaz eskuin muturrari botoa ematera. Maiatzaren Lehena aukera izaten da lan munduko kezken aipatzeko, langileen eskubideen gainean hitz egiteko. Lan mundua aldatu da, langileen arteko harremanak zailak bihurtu dira, premiazkoa da norabide berrien pentsatzea gazteek lan baldintza duinak ukan ditzaten. Frantses sindikatuekin harremanak ez dira oraindik errazak; hala ere, LABek bidea egiten jarraitzen du. Maiatzaren Lehenean elkartuko gara, aurten ere.

Datorren urtean hiru ikastola berri, bi kostaldean, bestea Azkaraten. Herri bat ikastola bat, lema eta helburu ausarta Seaskarena. Horrek esperantza handia pizten du, euskararentzat eremuaren zabaltzea premiazkoa baita. Buraso berriek lekukoa hartzen dute eta Seaskaren indarra azkartzen.

Ghjuventu Indipendentista korsikar taldeko hogei bat gaztek gose greba mugagabea hasi dute Korsikako Parlamentuak bozkatu dituen testuak aplika ditzaten alde batetik eta preso politikoen amnistiaren eskatzeko. Uhartean erabiltzen den urrats politiko berria da.