GARA
DONOSTIA

Ideia ugari jaso ondoren, bi aste barru du berriro hitzordua Eraldia ekimenak

Añorga Txikiko Firestone lantegi zaharra topaleku zela, dozenaka eta dozenaka lagunek parte hartu dute asteburu luze honetan Eraldia izeneko ekimenean, azoka, hitzaldi, batzar eta mahai inguruen bitartez, ekonomia sozial eta eraldatzaileari buruz eztabaidatzeko.

Egun luzeak baina oso aberasgarriak bizi izan dituzte ostiraletik atzo arte Eraldia ekimenean parte hartu duten dozenaka eta dozenaka lagunek, ekonomia sozial eta eraldatzaileranzko bidearen gainean eztabaidatzeko. Hala, asteburu mugituaren ostean, hurrengo hitzordua bi aste barrurako ipini dute, hemendik aurrera Eraldia zer izango den erabakitzeko eta hurrengo pausoak zehaztu ahal izateko.

Añorga Txikiko Firestone lantegi zaharra topagune zela, azoka, hitzaldi eta mahai inguruen bidez, ekonomia sozial eta eraldatzaileranzko bideari eusteko zer egin behar den eztabaidatu dute egun hauetan. Eta, amaiera gisa, batzar irekia antolatu zuten atzo, non 80 pertsona baino gehiagok Eraldiaren metodologiaz hitz egin zuten. Hainbeste izan ziren bertan bildutako ideiak eta proposamenak, ezen beste hitzordu bat finkatzea beharrezko ikusi duten.

«Konfiantza eremuak sortu behar dira guztion parte-hartzea bermatzeko», aipatu zuen batek. «Botere harremanak, ezagutza eta ezezagutza... kudeatzen asmatu behar dugu, metodologia hobetuz», azpimarratu zuen beste batek. «Gauza ez produktiboei ere garrantzia eman behar zaie, genero ikuspuntua txertatuz eta parte-hartze ereduak landuz», adierazi zuen hirugarren batek gauean amaitutako batzar nagusian.

Egunean zehar, proiektu eraldatzaileetako partaideek euren ikuspuntua azaltzeko aukera izan zuten, eta gaien artean “Ekonomia feminista” jorratzeko tartea ere izan zen.