Maitane ALDANONDO
Azpeitia

NAIART SERIGRAFIA: AUKERA SORTU ETA ERRONKARI HELDU

Alaitz Alberdi eta Mikel Alberdi azpeitiarrak afizioa eta ofizioa batzen dituen lantegi baten jabe dira. Negozioaren egonkortasuna lortuta, arropa eta beste euskarri batzuetarako diseinuak egiten dituzte bailarako bezeroentzat.

Naiart Serigrafia tailerraren atzean Alaitz Alberdi eta Mikel Alberdi gazte azpeitiarrak daude. Senide izan gabe, abizen eta ogibide berberak dituzte. Lehenak Arte Ederrak ikasi zituen; bigarrenak, aldiz, Diseinu Grafikoa. Modu nahiko ezustekoan erabaki zuten enpresa eratzea eta ekintzailetza munduan barneratzea. 2007ko saninazioetan hasi zen dena, ixtear zen lantegi bat hartzea erabaki zutenean. Beren enpresa izatea ez zen aurretik erabakitako asmoa, hala suertatutakoa baizik. «Lehendik martxan zegoen tailer baten jabeak utzi egin zuen eta guk hartzea proposatu genion. Materiala bazuen: plotterra –inprimigailu moduko bat–, serigrafiarako azpiegitura... eta hala hasi ginen. 25 urterekin autonomoa izatea ez zen nire asmoa», gogoratu du Alaitzek. Arte Ederretan egindako lanagatik serigrafiari buruz zerbait bazekien, eta bazkide duen lagunari haren formakuntzagatik proposatu zion elkarrekin lan egitea. Beldur pixka bat ematen zion arren, baiezkoa eman zion. «Publizitate agentzietara curriculumak bidaltzeko asmoa nuen. Ikasketak amaitu berritan lan egiteko gogotsu nengoen. Alaitzek tailerrarena komentatu zidan eta animatu egin ginen». Afizioa ofizio bilakatu eta, ordutik, serigrafia eta errotulazio lanetan dabiltza.

Erabakia hartuta, lehen urratsen artean, ogibideari buruzko zenbait kontu ikasi zituzten. Bartzelonatik etorritako teknikari batek errotulazioaren nondik norakoak argitu zizkien eta Donostiako serigrafia lantegi batean ere izan ziren. «Nola egin, hornitzaileak, kamisetak... oinarriak azaldu zizkiguten», kontatu du diseinatzaileak. Berak lehendik arotz gisa lortutako eskarmentua ere baliagarri zaiola dio gazteak. «Neurriak hartzeko, nibelak... horrelakoetarako balio izan dit. Azkenean, errotulazioa gremio bat bezalakoa da, ofizioa». Edonola ere, bere lankideak aitortu duenez, arituz ikasi dute gehien. «Ero-eroan, gaizki egiten... Esperientziarekin segurtasun handiagoa lortu dugu».

Egitasmoa abiarazteko, Gasteizko Gobernuaren 6.000 euroko diru laguntza bana jaso eta 30.000 euroko kreditua eskatu zuten. Kopuru horrekin makinak erosi eta azpiegitura prestatzeko inbertsioari aurre egin ahal izan zioten. Negozioa ondasun elkarte gisa eratu zuten. Biek osatzen dute enpresaren lantaldea, eta urtero, praktikak egiteko Ceinproko ikasleak hartzen dituzte.

Bezeroak, nagusiki, Zumaiatik Azkoitira arteko eremukoak izan ohi dira. Hala ere, beste enpresa batzuek bidalitako mandatuak egin ohi dituztenez, bailaratik kanpo ere jarduten dira. Eskaintzen dituzten zerbitzuak ehun gaineko serigrafia eta errotulazioa dira. Kirol jertse edo elastiko gaineko serigrafiak 300-500 aleko kopurutan egin ohi dituzte. Errotulazioari dagokionez, berriz, Alaitzek argitu duenez, «ez ditugu gauza handiak edo erliebedunak egiten. Denda txikietan, bulegoetan, erakusleihoetan, kotxeetan...». Hazi eta eskarmentua lortzearekin batera, lan mota ere aldatu dela nabaritu dute. Bereziki, hasierako lantegia utzi, eta, orain bi urte, jende gehiago ibiltzen den kale batera lekualdatu zirenetik. Lehen, %70 inguru serigrafian eta %30 errotulazioan aritzen ziren; orain, aldiz, errotulu gehiago egiten dute. Horrek urte osoan zehar lan karga handitzea eragin du. Serigrafia proiektuak, gehienbat, udaberri eta uda partean izaten dituzte, herri mugimenduekin lan asko, «erditik gora» egiten dutelako. Besteak beste, kultur elkarteentzat, musika taldeentzat edota inguruko ekitaldietarako izaten dira.

Zortzi urteotako ibilbidearen emaitza positiboa da. 48.000 bat euroko fakturazioarekin «bizitzeko lain» egiten dute, eta diruaz harago, beren negozioa izateak ere asebetetzen ditu. «Zureago sentitzen duzu, beste ardura bat duzu», onartu du Mikelek. Alde txarrena erantzukizuna eta bestelako ardura batzuei, «agiriak, fakturak edota jendearekiko arretari», aurre egin behar izatea da. Alaitzen ustez, «askatasun handia ematen dizu, lotu egiten zaituen arren». Beste plotter bat erosi berri dute, eta etorkizunari begira, bide beretik jarraitzeko asmoa dute.

 

Errentagarri izatea, denbora eta ahaleginaren arteko oreka

Naiart Serigrafia abiarazi zutenean Alaitz Alberdik eta Mikel Alberdik Blai arropa marka sortu zuten. Arropak tamainako arrakasta izan zuen eta Zarautz, Hernani, Lekeitio eta Azkoitiko hainbat saltokitan eros zitekeen. Lan karga handitzen joan zen heinean, ordea, alde batera utzi behar izan zuten. «Jende askok esaten dit serigrafia egin, arropetan estanpatu eta hortik jotzeko. Lehen lan gutxi eta denbora genuen. Orain ez, eta eskaripean egiten dugu», argitu du Alaitz Alberdik. Izan ere, ez da errentagarria beraientzat. «Errentagarri izateko horretara egon behar duzu. 8 orduz diseinatu, ekoitzi, komertzial lana egin...», zehaztu du lankideak.