Amalur ARTOLA
BILBO
Elkarrizketa
JUANRA MADARIAGA
FILOLOGOA, MENDIZALEA ETA IDAZLEA

«Espedizioetan irakurtzen duzunak beste hondar bat uzten du zure baitan»

Bere bi pasioak, mendia eta literatura, lotu ditu Madariagak Txalapartarekin argitaratu berri duen «ESPedizioa. Mendi ororen pisua» liburuan. Unai Elorriagaren «SPrako tranbia» eleberria besapean hartuta abiatu zen Shisha Pangmara eta, gailurrerako bidean, bizipen eta sentipenak, mendiak iradokitzen dizkionak eta uneko burutazioak bildu ditu koaderno batean. Horren emaitza da «ESPedizioa».

Esku artean koadernoa eta Unai Elorriagaren “SPrako tranbia” zituela abiatu zen Madariaga Shisha Pangmara. Eleberri hartako protagonistak bezala, bilbotarrak zortzimilakoa igotzea zuen amets eta gailurrean azken pasarteak irakurtzen eman zuen unea ez zaiola berehalakoan ahaztuko ziurtatu du. Bidean idatzitako oharretatik mamitu diren testuek osatzen dute “ESPedizioa. Mendi ororen pisua”.

Literatura eta mendia, biak lotu dituzu liburuan. Nola otu zitzaizun bidaia hau abiatzea?

Shisha Pangma oso mendi preziatua da niretzat, kristoren polita da, eta hara joateko ideia sortu zenean ze liburu eramango nituen pentsatzen hasi nintzen, denbora mortuetan irakurtzeko. Shisha Pangmara gindoazenez, burutik pasatu zitzaidan polita izan zitekeela Unairen “SPrako tranbia” hartu eta, gailurrean zer edo zer irakurrita, halako borobiltasun bat ematea. Espedizioak zirauen artean Lucas pertsonaia nagusiarekin fikziozko elkarrizketa bat mantendu nuen; Lucasek mendira joan nahi zuen, mendi altuak zituen maite eta, nolabait, Shisha Pangmarako tranbia horretara igotzen zen. Bestalde, nire egunerokora eraman nituen uneko sentipen eta bizipenak.

Ez zara liburu bat gailurrera eraman duen lehen mendizalea. Ze ekarpen egiten dizu literaturak halako espedizioetan?

Literaturara inguratzeko une bereziak izaten dira. Beti hainbat liburu eramaten ditut kanpamentu nagusiraino, batzuetan pisu larregi [barrez]. Espazio eta denbora hori literaturarekin konpartitzea berezia da; beste aldarte batekin irakurtzen duzu eta literatura eta poesia ona eramaten baduzu beste pisu edo hondar bat uzten du zure baitan. Eta hori aprobetxatzen dut gero idazteko.

Azken kapitulua gailurrean bertan irakurri zenuen. Une hunkigarria izan omen zen.

Oso hunkigarria, bai. Alde batetik, zortzimilako handi bateko puntara iristea beti da sekulako poztasuna, ezinean eta nekez ailegatzen zarelako, oxigeno faltagatik egin behar duzun gainesfortzuak lehertuta uzten zaitu.

Egun hartan, 2011ko maiatzaren 17an, planeta guztiak lerrokatu eta tontorrera jotzeko abagunea izan genuen. Iristean sentitu genuen poztasun eta betekadaz gainera, liburua atera eta azken kapitulua irakurri ahal izan nuen. Hor bada «bizitza ortografia da» dioen esaldi bat: barne bidaia horretan, norberaren bizitzaz pentsatzean, askotan ondorio horretara iristen zara, bizitza ortografia akatsez beteta daukazula. Irakurketarena oso momentu intentsoa izan zen eta han geundenok erdi negarrez amaitu genuen, emozioz gainezka. Ahaztuko ez dugun unea izan zen.

Liburua bidaia-kronika bat baino gehiago da. Zer aurkituko du irakurleak?

Hala da, bai. Hari nagusia nik bizitako espedizioa bada ere, ez da mendiko liburu bat; harri horrek hainbat konturi buruz hitz egiteko bideak ireki dizkit. Kondairak daude, poemak, kontu geografikoak, medikuntzari lotuak, miresten ditudan alpinistenak... Adibidez, harrituta geratu nintzen 5.300 metroko garaieran tximeletak pasatzen ikusi nituenean; migrazioan zebiltzan eta horrek bide eman zidan Mexikoko Michoacanen milioika batzen direla kontatzeko.

Espedizioak gogorrak izaten dira. Ez zen erraza izango egoera horretan idaztea...

Batez ere kanpamentu nagusian idatzi nuen, gorago boligrafoa eta libretatxoa eramatea konplikatua delako; astia arin pasatzen da, trebezia gutxiago izaten duzu, hotza, batzuetan boligrafoa bera ere izoztu egiten da eta, orduan, han idazteko asmoz nengoenean lapitza eramaten nuen. Horregatik, zerrenda asko egiten nituen, “atzamarra odoletan hasi zait” eta halakoak biltzen zituztenak, gero garatzeko asmoarekin. Batzuk garatu gabe, bere horretan utzi ditut, hala oso polit geratzen direlako.

Errezitaldiak abiatuko dituzue Unai Elorriaga, Juanjo San Sebastian eta hirurek. Zelako emanaldiak izango dira?

Bidean argazkiak eta klip txikiak atera genituen, plastikozko tranbia bat ere eraman nuen elementu horrekin jokatzeko, handik zer aterako zen ez nekien arren. Hortik atera da errezitaldiarena, liburua sozializatzeko eta jendeari gure ahotsen bidez zer eta zergatik idatzi dudan erakusteko, ze sentimendu izan ditudan. Hori guztia, musika berezi batez hornituta.

Zer dio Unai Elorriagak honen guztiaren gainean?

Pozarren dago; bere liburuaren aurkezpenetan aipatu izan du “SPrako tranbia” Shisha Pangmako gailurrean egon dela eta, nolabait, horrek liburuaren zikloa itxi duela. Ideia bitxia, zoroa eta polita izan dela dio.

Mendia eta literatura lotzen jarraitzeko asmorik duzu?

Ez daukat pentsatuta. Orain poema-liburu bat dut esku artean, horretan erosoago sentitzen naiz. Liburu honek bestelako presio bat sortu dit, poesia idaztean sentitzen ez dudana. Hala ere, egia da oso gustura aritu naizela, liburua nola argitaratu den asko gustatu zait, eta ezezkorik ez dut emango behintzat.