GARA | DONOSTIA

Udaleku eskaintzan, gurasoak barne dira


Ikastolen Elkarteak udarako aisialdi eskaintza berria aurkeztu du aurten. Urtero 1.500 haur eta nerabek hartzen dute parte prestatzen dituzten egonaldietan, baina horrekin konforme ez eta aurten euren eremua zabaldu egin dute. Alde batetik, lanagatik edo beste arrazoi batengatik ordutegiak uztartzeko arazoak dituzten familiei zuzenduriko udaleku bat prestatu dute. Ekaineko lehenengo asteburuan familia desberdinen arteko elkarbizitza ahalbidetuko dute Otxandion. Horrela, guraso eta seme-alaben lotura afektiboak indartu nahi dituzte, euskara eta euskal kultura ardatzean harturik.
Horrez gain, ohiko udalekuak ere prestatu dituzte: Ipar Euskal Herriko ikasleekin harremana sustatzen duena, ingelesa ikastera bideratua, egonaldiak atzerrian, surfa ikastekoak, kulturalak edota udaleku irekiak.