Maider Eizmendi
Kazetaria
IKUSMIRA

Atximur egiten duten keinuak

Berezia, beste inork ez duena, besteen artetik nabarmenduko duena... Etorriko den haurraren izena erabakitzea bada gurasoek salbatu behar duten trantze handienetarikoa; izan ere, originaltasuna balioa da, urrutikoak gerturatuta, orduan eta berdin eta planoago egiten gaituzten garai hauetan.

Txoko honetan idazten dugun guztiok modu batean edo bestean saiatzen gara nork bere erara bereizten eta noski, irakurleari atximur egiten. Hauteslekuak zabaltzeko ordu bakar batzuk baino falta ez diren honetan ez nuen uste originaltasunari heltzeko zailtasunik izango nuenik, baina eguna joan eta eguna etorri ez dut hauteskunde kanpaina honetan benetan atximur egin didan mezurik entzun ia.

Saiakerak antzeman dira, baina edukian baino formetan gehiago, eta politikari eta hautagai askoren atrebentziagatik garatuegia dudan auzolotsari behin baino gehiagotan eutsi behar izan diot. Originaltasunik behintzat ezin zaio ukatu, baina aitortu behar dut Oiongo alkatearen bideoa ezin izan nuela ikusten amaitu. Baina esan, zer zioen? Zer esan digute luze doan kanpaina honetan?

Boxeo ringean igotako borrokalarien antzera atzeman ditut, batez ere, oposizioko aulkiak hotz eta boterea berriz ere eskuratu nahi duten haiek; ero-ero parean jarritakoari ukabilkadak botaz, aurkariarekin tranpati; berea utzi eta aurkariaren zelaian erabat sartutako jokalarien pare. Betiko antzera, alegia.

Fokuetatik at ikusitakoek egin didate berriz atximur; bozaren garrantzia eta balioa gogora ekarri didaten herritarren keinuek, bereizgarriek.