GARA
LONDRES

Cameronek legez kontrako etorkinen soldatak konfiskatu egingo ditu

David Cameron Britainia Handiko lehen ministroak «legez kontrako immigrazioa kontrolatzeko» muturreko neurriak iragarri zituen atzo, esaterako, paperik gabekoei soldatak konfiskatzea. UKIP eskuin muturreko alderdiaren agenda bere egin du kontserbadoreak.

Westminsterreko Parlamentuak hilaren 27an emango dio hasiera agintaldi berriari, erregina bertan dela. Elisabet II.ak irakurriko du politikari kontserbadoreak prestatu duen gobernu egitasmoa, etorkinen aurkako neurriak dituen dokumentua.

Barne Ministerioan lehen ministroak eskaini zuen hitzaldian esplikatu zuenez, immigrazioari eusteko programak hiru helburu nagusi ditu: legez kontrako lanaren aurkako borroka, lan arauak aldatzea eta immigrazioari buruzko ildoak Europar Batasunarekin berriz negoziatzea.

Azken puntu hori Europar Batasunak erreformak onar ditzan Cameronek duen asmoan kokatu behar da. Lehen ministroak oraindik ez du zehaztu zein erreforma lortu nahi dituen.

Negoziazio horiek Britainia Handiak Europar Batasunean jarraituko duen ala ez erabakitzeko erreferenduma 2017an antolatu baino lehen egin behar dira.

Beste bi helburuei dagozkien neurriak lege proiektu batean sartuko ditu Gobernu kontserbadoreak. Lehen aldiz, legez kontra lan egitea eta paperik gabeko atzerritarrei lana ematea delitu bihurtuko dituzte britainiar agintariek.

ONS Estatistika Bulego Nazionalak atzo bertan jakinarazi zuen Estatuan bizi diren etorkinen kopuruak gora egin duela. Etorkin gehienak Europar Batasuneko herrialdeetatik etorritakoak dira. ONSk eskainitako datuen arabera, 2014an 641.000 etorkin iritsi ziren Britainia Handira, 2013an baino %21,8 gehiago. Epe berean, Britainia Handitik kanpora joandakoen kopurua 323.000 pertsonetara iristen da, hau da, gutxi gorabehera azken urteetan bezala, gutxienez 2010az geroztik. Beraz, 318.000 laguneko immigrazio netoa izan zuten iaz.

Cameronek iragarritako neurrien arabera, hemendik aurrera bankuek ustez legez kontra dauden etorkinen kontuak egiaztatu beharko dituzte. Lege proiektuak konpainiek paperik gabeko etorkinak kontratatu ez ditzaten ere lortu nahi du: orain arte 26.000 euroko isuna ezartzen zitzaien, eta orain delitu da.