Amalur ARTOLA

BIDADOR, IRUñEKO EUSKALTZALEEN ISLA IZAN NAHI DUEN PASTORALA

Historialaria, filologoa, dantzaria, ikertzailea, irakaslea eta idazlea zen Joxemiel Bidador. Eta, ororen gainetik, Iruñeko euskalgintzaren ikurretako bat. Hark egindako ekarpena eskertzeko, Iruñeko lau elkarte Bidadorri eskainitako pastoral berezia osatzen ari dira.

Urriaren 10ean Iruñeko Burgoen plazan jarri dute zita. Hantxe estreinatuko da “Joxemiel Bidador. Iruñeko euskaldunak”, orain bost urte zendu zen Bidadorri eta, bide batez, Iruñeko euskaltzale orori omenaldia egin nahi dion pastorala: «Euskara maite dugun euskaldunak gara; kate luze baten azken katebegiak gara eta, horrenbestez, honaino ekarri gaituztenak omendu nahi ditugu plaza zabalean, Iruñearen erdian, merezi dugun tokian. Eta Iruñeko euskalgintzaren sinbolo bat delakoan, Joxemiel Bidadorren pertsonaren bidez omendu nahi ditugu, berak, bere obraren bidez, gutxik bezala agerrarazi baitzuen Iruñeko euskaltzaleon izaera organikoa eta kolektiboa». Hala adierazten dute ekimen honen atzean dauden Duguna, Karrikiri, Euskaldunen Biltokia eta Zaldiko Maldiko elkarteek. Lau horiek dira orain urtebete “Ederlezi” pastorala antolatu zuten elkarteak eta esperientzia haren ondoren otu zitzaien Bidadorrek ere merezi zuela bere izena eramango zuen pastoralik.

Izan ere, Joxe Miel Bidadorren (Iruñea, 1970) bizitza euskarari eta euskalgintzari estuki lotua egon zen. Lazkaoko Maizpide barnetegian euskara ikasi eta Gasteizen Euskal Filologian lizentziatu ostean Iruñean eta bereziki Tuteran euskara irakasle gisa jardun zen. Dantzaren arloan ere egin zuen ekarpenik: Duguna taldeko partaide izateaz gainera, San Lorentzoko dantzanteen taldearen sorreran hartu zuen parte eta ikertzaile modura “Dantzaren erreforma Euskal Herrian” idatzi zuen.

Ez zen hura izan, ordea, idatzi zuen obra bakarra. “Dantzariak” aldizkarian hainbat testu argitaratu izan zituen eta, filologiaren eta historiaren alorreko argitalpenik ere utzi zuen, “Noticias y restos del euskara del Val de Ollo” edota “Euskara Iruñeko kazetaritzan” ikerlanak, besteren artean. Literaturaren alorrean, aldiz, hainbat sortzaileren lanak berreskuratu eta bere ekarpena ere egin zuen, “Hutseaniko hazkurria” poema-liburuarekin. «Horretaz aparte, herri gizon maitatua zen, aztarna toki eta jardun askotan utzi zuena», ziurtatu du Bidadorren lagun Jon Alonsok. Bera da pastorala idatzi eta, beste 80 lagunekin batera, egunotan Arrotxapean entsegu lanetan dabilenetako bat.

Zuberoako pastoralak oinarri

Zuberoako kutsua izango badu ere, pastoral nafarra izango da “Joxemiel Bidador. Iruñeko euskaldunak”. «Pastoral izenarekin bataiatu behar ote genuen ere zalantzak eduki genituen», aitortu du Alonsok, eta zailtasun handiena sorkuntza definitzen izan dutela nabarmendu du. Erreferentziatzat, hala ere, Zuberoako pastorala hartu dute eta zuberotarra da errexentetako bat, “Ederlezi”-n ere parte hartu zuen Ihitz Iriart. «Pastoraletan aditua da eta kantari aparta ere bai, Amaren Alabak-en dabil», dio Alonsok. Iriartek ondoan izango du Aritz Ibañez, Dugunako dantzaria eta euskal folklorean aditua. «Zuberoako molde tradizionalak ezagutzeko modukoak izango dira, baina ikusiko dira, halaber, gure ukituak. Jantziak, esaterako, gaur egungo kaleko jantziak izango dira».

Pastorala Bidadorren bizitzaren «pasarte, zaletasun, ideia eta utzi zigun arrastoen hala-nolako bilduma» izango da eta Alonsok nabarmendu nahi izan du, Tuteratik etorriko diren konpartsalariak kenduta, bertan ari diren guztiak Iruñerrikoak direla. «Denok. Eta denok ari gara musu-truk. Gainera, eta hau ere garrantzizkoa da, produkzio guztia, ikusten dena eta ikusten ez dena (testua, errepikak, antolamendu bilerak, agertokia prestatzea...) euskaraz egiten ari gara».

Bidador protagonista badu ere, inork ez du haren papera beteko. «Uste izatekoa da ikusle askok edukiko duela oraindik haren irudi fisikoa eta haren oroitzapena oso fresko buru barruan, eta nolabait esan, arriskutsuegia iruditzen zitzaigun puntu horretan tradizioa errespetatzea, alegia, papera lehen pertsonan jokatuko lukeen arizale bat jartzea. Lizentzia hori hartu dugu», azaldu du.

Pastorala osatu ahal izateko diru laguntza kanpaina bat ere abiatu dute: Iruñeko Karrikiri dendan zapiak jarri dituzte salgai 8 euroan eta kontu korronte bat ere zabaldu dute (bidadorpastorala.wordpress.com-en kontsulta daiteke), nahi duenak bere ekarpena egin dezan. «Eta, jakina, guri asko lagunduko liguke jendea pastorala ikustera joateak eta ongi pasatzen duela ikusteak».