GARA
IRUÑEA

Diru laguntza eske, Nafarroan D ereduan ikasteko

Artaxoa, Larraga, Mendigorria eta Mirafuentes herrietako ikasleen gurasoek Nafarroako Gobernuari diru laguntzak eskatu dizkiote euren seme-alabek euskaraz ikasi ahal izateko egunero jantokian eta garraioan dituzten gastuei aurre egiteko modua izan dezaten. Eremu «ez euskaldunean» txertatutako herriak dira aipatutakoak, eta honenbestez, D ereduan ikasi ahal izateko Gares eta Lizarrako zentroetara joan behar dute.

Sortzenen iritziz «ulertezina» den errealitatea da honakoa. Elkarteak atzo salatu zuenez, zonifikazioaren ondorioz, 28 kilometroko joan-etorriak egiten dituzten familiak daude Nafarroan. Hori dela-eta, antzeko egoera batean dauden familiei dei egin zieten atzo, administrazioari laguntzak eskatzeko.

«Euskaraz ikasteko eskubidea Nafarroako herritar guztiena da, pertsona bakoitzarena, jaio den herrian jaio dela, Artaxoa, Aibar, Otsagabi edo Iruñean jaio den axola gabe», adierazi zuen atzo Sortzenek ohar bidez.

Elkartearen ustez, «bada garaia ‘Vascuencearen Legea’-k altxatutako horma desegin eta euskarari dagokion, merezi duen lekua emateko», erantsi zuen elkarteak.

Era berean, Sortzenentzat «bada garaia» Nafarroak herritarren borondatea entzuteko, baita euren eskubideak zeintzuk diren ulertzeko ere. Horregatik, eta «gure herrietan euskaraz bizi eta ikasteko eskubidea lortu arte», atzo azaldutako bezalako ekimenak aurrera ateratzera animatu zituen familiak, baita administrazioaren aurrean eurenak diren eskubideak aldarrikatzera ere.