A.K.
MUNDAKA

The Basque Music & Cook Festival, kulturaren konpromisoa atxiki duen eskaintza eredua

Echo & The Bunnymen, The Sonics, We Are Standard eta Belako dira Mundakako jaialdiak aurreratu dituen lehenengo izenak. Musikaz gain, gastronomia eta surfa ere uztartuko ditu eskaintzak.

Hogeita sei urte daramatza Emankor Sareak kultura arloan lan egiten, bai Euskal Herrian eta bai Estatuan ere, euskal kulturak bere erakusleihoa izan zezan. «Kultura bultzatzeko asmotan pentsatu genuen zergatik eramaten dugun beti gure kultura kanpora, eta zergatik ez dugun zerbait egiten hemen kulturak berak jendea erakar dezan». Amets Rodriguezen adierazpenak dira, The Basque Music & Cook Festival-eko zuzendariarenak. Aurten egingo du bere lehenengo edizioa. Uztailaren 30etik abuztuaren 1era izango da hitzordua, Mundakan. Turismoa eta kultura, baina konpromiso baten barnean uztartutakoa. «Turismoa turismoagatik, ez. Izan dadila turismoa ere kulturarekin konprometitua izatea. Gure ‘life style’-a bizitzea», dio.

Musika, gastronomia eta, ezinbestean, Mundakari lotuta, surfa. «Guretzat hori da gure eskaparatea». Santa Katalina penintsula bihurtuko da agertoki, oholtza natural jaialdi honetan. «Ez dugu festibal masifikaturik egin nahi izan; zerbait zaindua, gertukoa egin nahi genuen, kulturarekin eta inguruarekin konprometitua». 5.200 lagunentzat lekua dago Santa Katalinan, baina jaialdirako 4.000 ikuslerentzat sarbidea ahalbidetuko dute, «jendea gustura egon dadin».

Eskaintza

Musikak eramango du alderik potoloena jaialdian. Nazioarteko taldeak eta tokikoak. «Nazioarteko taldeek egon behar dute kanpoko jendearen erakargarritasuna pizteko, baina argi geneukan ere gure musikaren eskaparate bat nahi genuela izatea, gure artistek era duin batean egon behar zutela presente eta beraien lekua izan behar zutela», esan du. Izen batzuk aurreratu dituzte dagoeneko. Mundu mailatik, Echo & The Bunnymen eta The Sonics; Euskal Herritik, We Are Standard eta Belako. Gehiago ere izango da.

Gastronomiaren arloan ere formula berbera errepikatuko da. Tokian tokiko produktuekin batera ari dira osatzen egitaraua. «Urremendi Landa Garapen Elkartearekin batera ari gara lanean, tokiko ekoizleek ere beraien lekua izan dezaten», nabarmendu du Rodriguezek. Show cooking-ak, haur eta helduentzako tailerrak, txakolin probaketak, maridajeak, master class-ak...

Eta surfa. Mundakako olatuari men eginez, Urdaibairen ezaugarri nagusienetako bilakatu den kirolak ere izango du tartea jaialdian. Mundakako Surf Taldearekin eta Surfing Euskadirekin elkarlanean, erakustaldiak eta ikastaroak egitea aurreikusten dute.