Idoia ERASO
HENDAIA

Gazteak eta grafitiak protagonista Hendaian, euskararen alde egin den irakurraldi publikoan

Atzo Hendaian egin zen irakurraldi publikoan ehun lagun inguruk ahotsa jarri zioten Iñaki Zabaleta Urkiolaren “110 Street-eko geltokia” eleberriari. Seigarren edizio honetan gazteak izan ziren protagonista, kultura, politika eta gizarteko eragile anitzekin batera. Lehen aldiz izan zen gazteen parte-hartze zabalak «bultzada handi bat» eman zion ekimenari. Obrari loturiko bi grafiti egin zituzten hiriaren erdialdean.

«Hendaia osoak egitasmoarekin bat egiten du», nabarmendu zuten Akelarre elkarteko antolatzaileek. Erakunde, enpresa edota eskolak aipatu zituzten bultzatzaileen artean. Azken hauen parte-hartzea nabarmendu zuten, Irandatzeko kolegioko ikasleena bereziki. Baina ez ziren soilik hendaiarrak aritu irakurtzen, Euskal Herri osoko ikasleak hurbildu baitziren Hendaiara.

Gazteekin batera, oihartzun handiko hainbat pertsonak ere ahotsa jarri zioten idatziari, hala nola, Sustrai Colina bertsolariak, Kotte Ecenarro Hendaiako auzapezak, Pantxoa Etchegoin Euskal Kultur Erakundeko zuzendariak eta Xabier Mendiguren idazle eta editoreak. Gainera, liburua euskaraz den arren, euskaraz ez dakiten beste batzuek ere parte hartu zuten ekitaldian, gure hizkuntza sostengatzeko helburuarekin.

Zabaletaren obra hautatzeko arrazoia, bere harrera ona da, izan ere, 44. edizioa argitaratu da. Idazlea bera ere egon zen irakurraldian. Hendaiara inguratu ezin izan zutenentzat sarean hedatu zen zuzenean.

Grafitiak

New Yorken girotuta dagoen eleberria izanik, irakurraldiarekin batera bi grafiti egin zituzten. Hendaiako Tëck eta Errenteriako Koldo grafitigileak Mediatekako zelaigunean aritu ziren lanean, eta Irandatzeko ikasleek obraren laburpena helarazi zieten, liburuaren zentzua irudi bidez gauzatuz, New Yorkeko giroa Lapurdira hurbiltzeko.