Xabier Izaga
Kazetaria
JO PUNTUA

Alderatzen hasita... hobe luke isilik

Arratsaldean zuzendu nahi izan zuen goizean esan ez omen zuen baina esan zuena. Ez zuela hori esan, ez zuela esan nahi izan, ez ziotela ondo interpretatu edo berak ez zuela ondo azaldu... Baina esan zuen, eta ez zen esandakoa zuzentzen ahalegindu ergelkeria galanta delako, ez, askok Barcinaren esaldia ezjakintasunaren erakusgarri gisa sumatu zutelako baizik; ezjakin agertzeko beldurrez, alegia.

Baina ez, Yolanda Barcina ez da ezjakina, ezta hurrik eman ere. Nahita bota zuen, baita ondo azaldu ere, ezjakinei zuzendutako mezua. Eta, ohi duenez, egia faltsututa.

Adolf Hitler boterea eskuratu aurreko Alemaniako egoerarekiko konparazioak egiten hasita, Barcinak gertu du Gasteiz ere eta, fenomenologiari erreparatuta, bertan hartarako elementu sendoxeagoak. Izan ere, Javier Marotok, alkatetza arriskuan ikusita, besteak beste Hitlerren mezuaren bertsio bati eutsi zion: krisian gaude, egoera gogorra jasaten ari zarete, eta errudunak mairuak dira (eta tarteka bizkaitarrak, giputzak eta, aurki, nafarrak ere bai).

Populismoa ez da faxismoa, baina faxismo bilaka liteke. Eta biek ere ezjakintasuna dute bazka, Barcinak ondo dakienez.

Aste honetan, hainbat pentsiodun Marotok agindu omen zien 50 euroak eskatzera joan dira. Hauteskunde kanpaina hastear, hainbat pentsiodunek diru sarrerak bermatzeko errentaren bidez jasotzen dituzten osagarriak 50 euroz emendatuko zituela agindu zuen. Mila pentsiodun baino gehiagori dagokie igoera hori. Zenbatek ez ote zuten ondo ulertu, ordea, eta orain «botoa eman dizut, ekarri sosak» eskaka agertu zaizkio. Miseria. Batez ere Marotorena, miseria materialetik elikatzen den miseria gorria.

Joan den asteko herri harresi txalogarria ez omen da Gasteizko «herritar moderatuen» ordezkari. Izan ere, gazte horiek salatzen duten bidegabekeria ez dago 50 euroz kitatzerik. Hortxe dago gakoa, Marotok ordezkatzen dituen herritar moderatuak –Rajoyren hitzetan, «jende normala»– ez direnak «jendaila» dira. Baietz, Yolanda?