Ariane KAMIO
LITERATURIA

LITERATURAREN KRONIKA BAT EGITEKO SAIAKERA, ODOLEAN DARAMAGULAKO

ZARAUTZ. KRONIKA BAT. LITERATURAZ KRONIKARIK EGIN BADAITEKE BEHINTZAT. «ERRACTUS». KATTALIN, JULE ETA DANELE. ZER PENTSA, ZER ESAN, ZER KRITIKA, ZER BORROKATU. IKUSITAKOA LERROOTARA EKARTZEKO SAIAKERA HUTSA BAINO EZ DA HAU.

Literaturia. Larrabetzutik ezaguna izango da askorentzat. Norbaitek oraindik ere jakin ez badaki, iaztik Zarautzen du bizilekua. Zarautzen. Bai. Erdigunean. Erdigune osoan. Goizean, 11.30eann egin dut hitzordua sail honetako arduradunarekin. Xole Aramendi izango dut zizerone, gidaliburu, anfitrioi. Zorionekoa ni. Kiroldegi aurreko biribilgunetik oinez abiatu gara; «hobe duzu autoa kanpoaldean uztea». Ados. Modelo aretoa izango da gure gaurko helmuga. Izan ere, zoriontzeko moduko arrazoiak baditu aurten Literaturiak. Zabala baino zabalagoa dakar aurtengo egitaraua. Eta anitza, oso. Ostegunean txakolindegian egindako saioa izan liteke adibideetako bat. Edana, literatura eta lurrina. Perfumea eta ardoa nola uztartu irakur daitekeenarekin. “Odolean daramagu” esaten du aurtengo leloak, eta, norberak daramana beste ezer baino pertsonalagoa bada, literaturaren munduan zer esanik ez. Ardoa da aurten, ordea, norberaren kaskagorkeriak bateratzeko aurkitutako formula. Eta zilegizko formula, gainera.

Beno, harira. Biribilgunetik erdigunera oinez goazela Aramendi eta biok. Hamar bat minutuko bidea orotara. Eguzkia laino artean harramazkaka dabil –«Dios! Gaur atera behar dinat!», femeninoz– eta iazkoarekin konparatuta erraza zitekeen eguraldiaren aurreikuspena hobetzea. Euria goian-behean aurkitu zuen Literaturiak «mudantzako» lehen urtean. Kalean jarritako salmahaiak blai, salmentarako liburuak plastikoen azpietan babes bila, zaleak taberna zuloetan erauntsitik iheska... Eta kaleak, huts antzean, jaialdi honi zor zaion giroari apenas leku librerik utzi gabe. Aurten ez. Iazkoaren antzik ere ez. Bat ere ez.

«Erractus»

Ailegatu gara Modelora. Gure eguneko helburu nagusia. Izan ere, egitarauaren zabaltasunak aukeraketa bat egitera behartu gintuen eta aurtengoan literaturarekin lotutako ikuskizunek duten erakargarritasunari ezin ezetz esan egonda, “Erractus” jarri genuen jomugan.

Goiz heldu gara. Barrura sartzeko keinua egin dugu biok. «Mugikorrak itzali», irakur daiteke atarian. Kasik ireki dugu atea, Jule Goikoetxearen ahots prominentea entzun dugun arte. Entseguan dabiltza oraindik. Goazen kalera. Jendea gerturatzen ari da eta han-hemenka entzuten diren komentario gehienetan ele bi errepikatzen dira: “Porto” eta “Mursego”. Harkaitz Canok Maite Arroitajauregirekin ostiral iluntzean egindako saioa hitz jokoan. Arrakasta izan zutela ezin uka daiteke. Joan ez zirenen damuak hurrengo goizean, “Erractus”-ekin barrualde nahastuak baretu nahian.

Ordua gerturatu ahala ilara sortu da aretoko sarreran. Dezente bete da zinema. Besaulkiak aukeratzeko ordua da jada. 1 Formulakoen antza ere badutela esatera ausartuko naiz, enborra atzera eta burua tente mantentzeko gaitasuna duten eserlekuak. Baten bat tokiz ere aldatu da, lurrera ondo iltzatu gabeko butaka okerrean eseri baita.

Ana Galarraga Literaturiako kidea igo da oholtzara: «Aurrerago jarri, mereziko du eta». Piña apur bat egin behar, datorrena dastagarriago izan dadin.

Agertoki alboko gortinek biluzik uzten duten tartetxoan ikus daitezke «performatzaileak» oholtzara igo aurretik. Kattalin. Jule. Danele. “Erraiak” + “Tractatus”. Feminismo literarioari boza eman dioten hiru emakume. «Plazerez hil nahi duzu odolez zikindu gabe». Sexualitatea, borroka, familia, ingurua. Baldintzak bata bestearen atzetik. Baita Hasier Etxeberriak Danele Sarriugarteri “Sautrela” saioan egindako elkarrizketaren zati bat ere. Galdera betierekoa: «Autofikzioa al da?». Ezetz eta ezetz, baina entzungorrarenak jo du zital. Norberak bere irakurketa egiten duela eta bere ustez Sarriugarteren sexualitateari buruzko liburua dela estreinakoz idatzitakoa. Zuk badiozu... Baina ezin burutik kendu idazle elgoibartarrak berriki kaleratutako beste elkarrizketa batean, kasu honetan egunkari honetan eta Zilarrezko Euskadi Saria irabazi berritan, esandakoa: «Zer nahi dute jakin? Ea sekula txortan egin dudan?». Horixe, bada. #Respect.

Argiak piztu dituzte amaieran. Abdominalak apur bat landu behar besaulkitik berriz ere altxatzeko, salto egiteko. Kanpoan, berriz, komentario festa. Eta zorion mezuak. Ondo atera zaie. Seriotasunetik harago joan dira. Irriñoa ere atera zaie zenbait momentutan, nahastu ere egin dira testuekin –ez da arritzekoa zegoen argi apurrarekin– eta naturaltasunez jokatzeko baimena ere eman diete beren buruei. Bejondeiela. Hori dute-eta onetik halako literatur jaialdiek, erosotasunean gara daitekeela ideia oro.

Asun Landa eta Castillo Suarez ere Zarautzen dira. Haiena egiteko ere probestu dute. Eako Poesia Egunak aurten uztailaren 17tik 19ra. Ados, apuntatuta.

Bazkaltzeko astia hartu eta laster batean lanean ikusi dut burua. Lerrook idazten ari naizen bitartean mezu zaparrada darabilkit mugikorrean. Aramendi Joseba B. Lenoir eta Napoka Iriaren ikuskizunean geratu da, eguneko bigarrena. Kultura saileko arduradun izatearen abantailak. Peoiak lanera eta jefeak kalera. «Modelo beteta». Behintzat komunikatzaile lanak egin ditu. Egunaren amaiera Zarautzen bizi izateko aukerarik izan ez genuenok, nekez osa dezakegu eguneko kronika borobila. Baina, zantzu guztien arabera, literaturaz harago joan ziren elkarrizketa, hausnarketa eta ariketa ugari izan dira bart gauean kosta parte horretan. Hurrengo urterako arrats-gaueko kronika egitea eskatu beharko dut.