GARA
BILBO

Nazioarteko 15 lan eszeniko taularatuko ditu ACT jaialdiak Bilbon eta Barakaldon

Hasi da atzerako kontaketa. Bihar hasi eta lau egunez, ACT jaialdiak nazioarteko arte eszenikoko proposamen berritzaileak ekarriko ditu Bilbo eta Barakaldora. Ikusleek Korea, Kuba edota Bosnia-Herzegovinatik etorritako konpainien lanak ikusi ahal izango dituzte eta, orotara, jaialdiak hamabost lan eszeniko bilduko ditu. Antzerkiaz gain, dantza eta performancea ere protagonista izango dira 12. edizio honetan. Baita sortzaile berriak ere.

Bihartik eta larunbatera eszenikoen zaleek Barakaldo eta Bilbon dute nazioarteko eszenak dakartzan nobedadeetara hurreratzeko aukera. ACT lan laburren nazioarteko jaialdiak hamabost konpainiaren lan berrienak taularatuko ditu Bizkaiko hiriburuan eta horietatik hamabi lehiatuko dira lan labur onenaren ACT saria lortzeko.

Aurten, ikusleek elkarren artean oso ezberdinak diren herrialdeetan egiten den antzerki-moldea gertuagotik ezagutzeko aukera izango dute; esaterako, Herbehereak, Korea, Belgika, Kuba edota Irakekoa. Antolatzaileek aurtengo edizioaren «kalitate handia» nabarmendu dute eta, zentzu horretan, lehiaketan parte hartuko duten obrak 170 lanen artetik hautatu dituztela azpimarratu dute. Horien artean antzerkiaz besteko proposamenak ere badaude, dantza eta performancea, esate baterako. Hala, Jamie Wood-ek (Ingalaterra) “Beating McEnroe” ekarriko du; YS Dance Project korearra “Air Cocoon” lanarekin dator; Cooperativa Maura Morales konpainia kubatar-alemaniarrak “Wunchkonzert” aurkeztuko du; Hanna Sullivanek “Echo Beach” dakar; Grumelot madrildarra “#sobrejulieta” proposamenarekin dator; Igor Vrebac-ek (Bosnia-Herzegovina eta Herbehereak) “Homosapiens” ekarriko du; eta Kim Hoogterp, J&A eta Katja Heitmann herbeheretarrek “Hoezau?”, “Ragmanrolls” eta “Me, my selfie and I” lanak aurkeztuko dituzte, hurrenez hurren.

Euskal Herriko hiru taldek ere hartuko dute parte lehiaketan. Krego-Martin bilbotarrak “...To be continued” taularatuko du. Dantza ikuskizun honetan, hamar urteren ostean elkar topo egin eta orainaz, etorkizunaz eta oroitzapenez jardungo diren bi lagun dira protagonistak. Sofie Dubs & El Concertino talde donostiarrak “D-Rumbo” aurkeztuko du, poesia, musika eta dantza uztartzen dituen performancea. Eta Donostiako Ehundurak Proiektuak “Ehundurak” aurkeztuko du, dantzaren bidez material ezberdinen ehundurak ikertzen dituen ikuskizuna.

Lehiaketan parte hartuko duten lan horiez gain, beste hiru ere ikusi ahalko dira, «duten kalitateagatik edo aurreko edizioetan irabazle izan direlako saihetsezinak suertatu zaizkigunak». Lehena, Vicente Colomarrek zuzendutako La Casa del Arbol konpainia madrildarraren “La invasión de los ladrones”, biharko irekiera saioan ikusiko da, 20.00etan Kafe Antzokian. Beste biak ekainaren 6ko amaiera ekitaldian taularatuko dira, leku berean 22.00etan. Ekitaldia Mokhallad Rasem talde irakiar-belgikarraren “Waiting” lanarekin hasiko da eta, ostean, iaz ACT saria lortu zuen Silbatriz Pons madrildarrek “Episodio 08” eskainiko dute. Ekitaldian, Jacqueline Van Benthem, Peter Sunesson, Cris Celada, Izaskun Fernandez eta Ana Lopezek osatutako epaimahaiak lan labur onerari ACT saria eta artista berri onenari ACT-DURI saria emango diote.

Emanaldiak Guggenheim Museoko Zero espazioan, Bizkaiko Antzerki Ikastegian (BAI), Barakaldo Antzokian eta Bilboko Kafe Antzokian izango dira. Saio bakoitzean bizpahiru obra ikusi ahalko dira (egitaraua www.bai-bai.net/act-en kontsulta daiteke), 8 euroren truke. Jaialdi osorako bonua 15 euroren truke dago salgai, Kafe Antzokian, Barakaldo Antzokian eta BAIn.

Profesionalen topagunea

Nazioarteko arte eszenikoen erakusleiho izateaz batera, profesionalen arteko harremanak eraikitzeko bide ere izan nahi du ACTek. Hala, Barakaldo Antzokian eta Guggenheimeko Zero espazioan sortzaileei zuzendutako tailerrak eskainiko dituzte Ulrike Schlue berlindarrak, Rolando San Martin madrildarrak, Mokhallad Rasem irakiarrak eta Ivan Bacciocchie paristarrak.

ACTmosfera atalean, bestalde, sortzaileak izango dira protagonista: ikusleei zein programatzaile eta bestelako profesionalei sormen prozesuak azaldu eta elkarrekin hausnartzeko aukera izango dute artistek. Antolatzaileen hitzetan, «honek guztiak lehiaketa, azoka eta kongresu bilakatzen du ACT, ikusleari irekitako profesionalen gunea».

 

iyma bira, artista berrien erakusleihoa

ACT jaialdiak sortzaile berriei euren bidea egin ahal izateko baliabideak eskaintzea du helburu eta, hala, duela 10 urte xede berarekin sortu zuten IYMA sareko kide da. Nazioarteko jaialdien sare honen bidez, zirkuitu profesionaletara sartzeko aukerarik ez duten artista berriei euren lanak aurkeztu eta taularatzeko aukera ematen zaie. ACT-k azaldu duenez, egitasmo honek artisten eta lanen trukea sustatzen du Europako jaialdi senideen artean eta, era berean, nazioarteko irakasleek lagunduriko hezkuntza eta sortzaile anitzekin egindako topaketak bultzatzen ditu.

Sare honetan parte hartzen dute, besteak beste, Amsterdameko Its Festival, Portoko Festival da Fabrica, Kosovoko SKE-NA UP, Erromako Short Theatre, Sarajevoko Future Mess, Birminghameko Be Festival, Warsaweko ITSelf eta Belgradeko FIST jaialdiek. Truke eta erakusleiho izateko nahiaren adierazle da aurten jaialdi horietatik hautatuak izan diren bost lan ikusi ahalko direla ACTen: Jamie Wood-en “Beating McEnroe”, Krego-Martin bilbotarren “...To be continued”, Cooperativa Maura Moralesen “Wunschkonzert”, Kim Hoogterpen “Ragmanrolls” eta Mokhallad Rasemen “Waiting”. GARA