Amalur ARTOLA

ERRENTERIAN, SORMENAK MIKELAREN ALTZOAN HARTZEN DU ARNASA

Mikelazulok hogei urte daramatza indarrean den kultur eredua irauli eta kolektibitatean oinarritutako kultur sorkuntza sustatzen, elkarlanean bestelako eredu bat posible dela frogatzen. Espazio txikiena ere handitasunaren ikur izan daitekeelako froga bizia da.

Bere irudimena eta eskuak erabilita estreinakoz ezer sortu duen edonork daki zein zaila den sorkuntza hori besteen aurrean ikusgai jartzea. Are gehiago, sortutako hori oholtza gainera eraman eta begi pare mordoxka bat begira dituzula erakutsi behar bada. Azterketarik zorrotzena, hala ere, nork bere buruari egiten diona da eta, azken hogei urteetan, errenteriarrek Mikelazulon izan dute besteen aurrean biluztu eta eman dezaketenaren erakustaldia egiteko aukera.

Hogei urteotan, Errenteriako Beheko kaleko 4. zenbakiak ez dio inori aterik itxi. Alderantziz, Mikelazulok bere altzoan hartu ditu bestelako kultur eredu bat posible dela sinetsi duten dozenaka gazte zein heldu. Eta, bere jardunarekin, kultur sorkuntzak bestelako ibilbideak jorra ditzakeela erakutsi du.

Oier Guillan eta Ainara Gurrutxaga Mikelazulorekin batera hazi eta hezi dira. 17-19 urte zituztela egin zuten bat kulturari eta eztabaidari ateak irekitzen zizkion elkartearekin eta ur hartatik edanda garatu dute euren poeta eta antzezle izaera, hurrenez hurren. «Orain agian ohikoagoa da Euskal Herrian barrena halako guneak ikustea, baina 90eko hamarkadan ez zen arrunta. Mikelazulo elkarte zabala izan da hasieratik, mundu guztiari ateak zabaldu dizkiona eta taburik gabe kulturaz, gai sozialez edota politikaz hitz egiteko espazioa eskaini duena. Garaiko gazteentzat, oraingoentzat bezalaxe, oso beharrezkoa zen halako gune bat. Ur freskoa bezala hartu genuen», azaldu du Gurrutxagak.

Ados agertu da Guillan ere. Berak 18-19 urte zituela jo zuen lehendabizikoz Mikelazuloko atea, lagun batzuekin egiten zuen fanzinea zabaltzeko asmoz, eta hasierako urte haietan elkarteak «oso jende ezberdina» erakartzeko gaitasuna izan zuela ekarri du gogora: «Zabaldu eta hilabetera edo etorri ginen. Lehenengo egunetik konexioa handia izan zen eta berehala inplikatu ginen. Niretzat, politena aniztasuna zen; kafea hartzen zein ekitaldietan ahots, estetika, egiteko modu eta ideologia oso ezberdinetako jendea zegoen, inoiz espazio berean irudikatuko ez zenukeen jendea. Gizartea horren polarizatua zegoen garai hartan, hura lorpen handia izan zen».

Mikelazulo horien guztien bidegurutze izateak ezohiko sareak sortzea ekarri zuen eta, espazioaren txikitasunak eta bertan biltzen zirenen pentsamoldeak formatu txikiko proposamenak taularatzera eraman zituen. Poesia batzuetan, antzerkia besteetan, baina baita diziplinen arteko esperimentaziotik eratorritako ekitaldiak ere. Musikari, margolari eta poeten eskutik sortutako jam session poetikoak, esate baterako. «Une batetik aurrera, jendeari erabiltzeko espazio bat eskaintzea baino harago joan zen proiektua, eta hemen zebilen fauna hori ekoizpen propioa garatzen hasi zen. Hala sortu zen arte eszenikoei bideratutako Piezak ekimen esperimentala», azaldu du Guillanek. Egun, ekimen hori urtero antolatzen duten eta ekainaren 18tik 21era Mikelazulon ospatuko den Eztena (www.eztena.info) jaialdian dago integratua.

Kulturarteko zubiak eraikitzeko bidaiak ere egin izan dituzte, Senegal eta Ekuadorrera adibidez. «Pentsa, hamabost pertsona, gure kaxa, instrumentu, jantzi eta guztiekin Dakarrera bidean... Batzuek pisu baten teilatua utzi ziguten entsegutarako, hurrengo egunean antzezlana bertan estreinatzen genuelako. Eta, bueltakoan, beste antzezlan bat egiten genuen hemengoei han izandako esperientziak helarazteko. Esperientzia bikainak ziren», gogoratu du Gurrutxagak.

Mikelazuloko laborategiak kulturarteko proposamen gehiago ere eman ditu, ia bere sortzetik urtero ospatzen den eta herriko gune ezberdinetara zabaltzen den Herrien Astea, aste osoko jaialdia adibidez. «Ekitaldi bakoitzak bere nortasun eta publikoa du. Herrien Astean kalera ateratzen garenean, azokak egin izan ditugu, dantza kalean, eta publiko bat erakartzen dugu. Lupa dokumentalen erakustaldira jende asko etortzen da, baita Oreretatik kanpokoa ere», adierazi du Guillanek. Hamazazpi urtez abian egon zen Poesia Astea edo artistek kalea kultur espazio gisa erreklamatzeko egiten zuten Espaloietan Oinutsik ekimena dira beste adibideetako batzuk.

Publiko aktiboaren bilakaera

Azken urteetan, baina, Eztenaren aurrean publikoak izandako jarrerarekin «harrituta» daudela ziurtatu dute. «Egin izan ditugun gauza guztietan kulturaren beste ikuspegi bat helarazten eta programatzaile hutsak ez izaten ahalegindu izan gara, eta publikoarekiko harremana eta publiko aktiboaren ideia asko landu ditugu. Ez dugu nahi zerbait eskaini eta publikoak modu pasibo batean jasotzea, jendearekin modu aktibo eta dinamiko batean erlazionatu nahi dugu. Eztenan, publikoaren erantzuna bikaina izaten da. Eta Ainarak eta biok badakigu publikoak sortzea zein zaila den. Herriko jendea antzerkia ikustera jarrera horrekin etortzea inpresionantea da», ziurtatu du Guillanek.

Publikoarekiko harremanak eraikitzen eta horiek era batera edo bestera ikuskizunaren zati izan daitezen ahalegin berezia egin izan da Mikelazulon, baina baita belaunaldi ezberdinen artean zubiak sor daitezen ere. Eta, azken honen kasuan, espazio berean denetariko jendea biltzeak zubi horiek ia euren kabuz eraikitzea ekarri duela azaldu dute Gurrutxagak eta Guillanek. «Hasiberria zarenean ibilbide bat edo bizi-esperientzia bat duen jendearekin kontaktua edukitzea oso aberasgarria da», dio Guillanek.

Zentzu horretan, aipagarria da Mikelazulok bi hamarkadatan zehar dozenaka bisitari eta gonbidatu jaso dituela. Batzuk pertsonalitate ezagunak, besteak anonimoak, baina guztiak zerbait eskaintzeko prest: «Gonbidatuen zerrenda oso luzea da –hasi da Guillan–, baina politena da denak berdin tratatu ditugula eta ibilbide ezaguna daukatenek asko baloratu dute hori, nik uste zerbait ezberdina aportatzen ari zirela sumatu dutela». Gurrutxagak, berari gehien pertsona anonimoen kontakizunek eragin diotela dio: «Emakume senegaldar batek hemen kontatu du lehen aldiz nola bizi duen gure kultura, ze bizi izan zuen bere herrian.... Esperientzia txiki baina brutalak dira, eta uste dut zorionekoak garela lehen pertsonan halakoak entzun ahal izan ditugulako».

Baliabide nagusia sormena bera da

Kontaezina da Mikelazulon lehen erakusketa, kontzertua, antzezpena, poesia errezitaldia... antolatu eta eskaini duen pertsona kopurua. Gurrutxagak eta Guillanek ere Errenteriako txoko honetan bizi izan zituzten lehen esperientziak eta, biei hala biei, begiek dirdira egiten diete hasierako une haiek oroitzean. Oraindik, halako espazio txikiak horrenbeste eman izana batzuetan sinesgaitza ere egiten zaiela diote. Kulturari aterpea eman dio Mikelazulok; sortzaile berriei ontzeko aukerak eta ibilbidea dutenei esperientzia partekatzekoa; herriari, bizia.

«Niretzat, pertsonalki zein sorkuntzari dagokionez, eskola bat izan da. Zeure buruari itxuraz horren gune txikian horrenbeste nola ikasi ahal izan duzun galdetzen diozu. Ekonomia minimo batekin, antolamendu batzuetan kaotikoarekin, gizarte honek estimu handian ez dituen ezaugarriekin... nola eragin dezake horrenbeste gure bizitzan eta, gainera, hain modu eder eta sakonean? Begira –dio Gurrutxagak, jertsearen mahuka bildu eta besoa agerian utziaz; oilo ipurdia ageri zaio–. Haluzinantea da. Pertsonen indar hori, gasolina hori, motor hori. Antolamendu ereduez horrenbeste hitz egiten dugun honetan, konturatzen zara ez dela hainbeste behar. Behar dena ez da kristoren egitura eta ekonomia, behar dena beste zerbait da; begirada beste nonbait jartzea».

Mikelazulok hogei urtez egin du lan hori eta, etorkizunean ere, egiten jarraituko du. Errenteriako Beheko kaleko 4. zenbakiak ez baitio, sekula, atea inori ixten.

 

guillan: «SORTZAILEAK DIRA KULTURAREN ERDIGUNEA, ETA Ez INSTITUZIOAK»

Mikelazulo gune autogestionatua izan da hasieratik eta, hogei urtetan fase ezberdinak bizi izan baditu ere, hasieratik eduki dute garbi instituzioekin harremanik izanez gero euren nortasunarekiko errespetua, adierazpen askatasuna eta sormen askatasuna zeudela beste ezeren gainetik. Espazio publikoan edozein ekintza aurrera eramateko gainditu behar den burokrazia horren aurrean kultura kudeatzeko modu «natural eta irekiagoa» aldarrikatu izan dute, 1995ean zein gaur egun. «Maiz, instituzioek diru bat ematearen truke beraiei propaganda egitea eskatzen dizute, badirudi beraiek direla erdigunea. Eta ez da hala; erdigunea sortzaileak dira eta instituzioen betebeharra haiei laguntzea, haien zeregina anplifikatzea, eta duten altxorraz kontziente izatea da. Oraindik lehen posizionamendua nagusitzen da zoritxarrez, pentsatzeko era hori ez da aldatu», dio Guillanek.A.A.