GARA
BILBO

«Mozal legeak» gizartea mututu nahi duela salatu dute biluzik Bilbon

Protesta egin zuten atzo, indarrean sartzear den «Mozal legeak» parte-hartze politikoko ekimenak eta protestarako mobilizazioak are gehiago kriminalizatzeko xedea duela iritzita. Kalera ateratzeko deia egin zuten.

Biluzik, ahoa estalita eta eskumuturrak bilurrekin loturik, dozenaka lagunek protesta egin zuten atzo Bilbon, «Mozal legea» izenez ezagutzen denaren aurka, aurki jarriko baitute indarrean.

Herritarren Kriminalizazioaren Aurkako Plataformak deituta, elkarretaratzea egin zuten BBVAk Abandon duen egoitzaren atarian. Ohartarazi zutenez, «hilabeteotan ‘Mozal legea’ izena hartu duten legeak aurrera ateratzeko bozkatzen ari dira Espainiako Senatuan: Herritarren Segurtasunerako Legea eta Kode Penalaren Erreforma», zehazki. Beren iritziz, «biek ala biek osatzen dute, Prozedura Kriminaleko Legeak eta Doako Laguntza Juridikoaren Legeak bezalaxe, neurri multzo bat gure eskubide eta askatasunei zuzenean eragiten diena».

Lorea Ureta bozeramailearen hitzetan, lege horiek herritarren protesta ekimenak zigortzeko asmoz eginak dira, eta bereziki pobrezia eta ezegonkortasun egoerak zigortuko ditu.

«Oinarrizko eskubideen suntsiketa egoera» horren aurrean erakundeek, beste behin, legeak birformulatu eta kode penala estutzeko bidea hartu dutela ere erantsi zuen plataformako kideak, «parte-hartze politikoko ekimenak eta protestarako mobilizazioak are eta gehiago kriminalizatzeko asmoz».

Ondorioz, «edozein herritar bilakatuko da susmagarri, polizia-agente halako batek uste baldin badu delitu bat egitekotan dagoela, delitua bera gertatzeko beharrik ez dagoela. Hartara, ez dira gertakariak soilik kriminalizatuko, zenbait gizatalde kriminalizatuko dira aurrez: migranteak, aktibistak eta baliabiderik gabeko pertsonak kasu, edo halako taldeei elkartasuna adierazten dien edonor», salatu zuen.

Mobilizaziorako deia

Mobilizazioen bidez salatu beharrekoak salatzera eta «zarata ateratzera» deitu zuen plataformak, «onartezina delako beldurra, zigorra eta errepresioa gailentzea eta kaleak hustea, solidarioa ez den gizarte indibidualista bat sustatuz».

Pozik azaldu ziren Euskal Herriak «salbuespen-lege horien ondorioak ondo» ezagutzen dituelako eta gizartea geldiaraztea lortu ez dutelako. «Orain, neurri multzo hau onartzen baldin bada –adierazi zuen Uretak–, koska bat estuagoa izango da egoera eta errazago kriminalizatuko da herritarren protesta».

Herritarren Kriminalizazioaren Aurkako Plataformak elkarte, sindikatu eta alderdien atxikimendu ugari jaso ditu; besteak beste, Mbolo Moy Doole, Sagarrak, Greenpeace Euskadi, Danok Lan, Desazkundea, Ekologistak Martxan, Bilboko Konpartsak, Etxeko Langileen Elkartea, ESK, Steilas, EH Bildu eta Ezker Anitza-IU daude horien artean.