Mikel Ibarguren
Idazlea
JO PUNTUA

Hitzak

Hitzak eta hitzak daude. Badira oso gauza gutxi esaten dituzten hitzak, haizeak eramaten dituen orbel-hitzak; eta badira gauza asko esaten dituzten isiltasunak. Hitz batzuk homeopatikoak dira, hunkigarriak, xumeak, katartikoak, ederrak, ulergarriak, aratzak; beste batzuk, aldiz, gogorrak, ilunak, indartsuak, enfasi berezia dutenak, historikoak, pisuzkoak. Badira hitz poetikoagoak edo prosaikoagoak, erretorikoagoak edo sakonagoak eta momentu onean eta leku egokian esandakoak ere, Parisko Asanblea Nazionalean esandakoak bezalakoak.

Badira elkartasuna nahiz engaiamendua adierazten dituzten hitzak, maitasunez betetakoak, baltsamikoak ere esango nuke, ekidin ezinak; hitz erabat zentzudunak; elkar urrundu beharrean, hurbiltzeko hitzak ere badaudela ikusi baikenuen, zatitzen gaituzten hitzen gainetik batzen gaituztenak dauden legez; mendekuz eta gorrotoz pozoitutako hitzen ordez elkarri aurrez aurre begiratuz mintzo diren hitzak ere badaudelako; batzuek gatazka politikoa elikatzeko erabiltzen dituzten arren, hitzak bakerako ere erabil daitezkeela agerian gelditu baitzen Parisko ekitaldian.

Zentzu horretan, badira iraganera lotzen gaituzten hitzak zein etorkizunera begira jartzen gaituztenak, trinkoagoak edota itxiagoak, eta pentsamenduak kartzelatzen dizkiguten hitzak ere, saminaren ahotik datozenak, betiereko zauritik jaiotzen direnak. Eta pesimistagoak, optimistagoak edo eszeptikoagoak. Beldurrez edo kezkaz betetakoak, samurrak, esanahiz betetakoak, finean, garaian garaiko hitzak daude, politikoki zuzenak eta ez hain zuzenak; eztarrian katigatzen diren hitzak, itzala uzten dutenak edota urrearen balioa dutenak ere.

Baina ez dakit sentitzen duguna ongi eta modu zuzenean adierazteko moduko hitzik badagoen, hitzek guk geuk ematen diegun pisua hartzen baitute; batzuetan erlatibizatu egiten ditugu eta bestetan hil ala biziko garrantzia hartzen dute. Baina badira batzuk benetako arrastoa uzten dutenak, Argien Hirian Axun Lasarenek utzi zuten bezalakoa esate batera. Bihotzetik bihotzera mintzo diren hitzak dira. «Zerbaiten aurka baino zerbaiten alde borrokatu nahi dut».

Badira hitz batzuk non barru-barruraino iristen diren.